COVID-19a antzemateko testak egin dituzte Ondarroako Artibai egoitzan
Zehaztu dutenez, PCR testa zein test serologikoa egin dizkiete egoitzako langileei eta egoiliarrei. Udalak iragarri duenez, hurrengo pausoa Udaltzaingoari eta Udal Brigadako langileei testak egitea izango da.
Ondarroako Udal iturriek jakitera eman dutenez, Artibai udal egoitzaiko egoiliarrei eta beharginei COVID-19a antzemateko probak egin dizkiete gaur [apirilak 27] goizean, Ondarroako Osasun Zentroko profesionalek.
08:00etan hasita, langileen probak egin dituzte. Segurtasunagatik langileen probak egoitzaren kanpoaldean egin dituztela jakitera eman dute. “Horregatik egon dira karpak egoitzaren kanpoaldean”. 09:45etik aurrera, bestalde, egoiliarren txanda izan da. Horien egoitza barruan egin dizkiete probak.
Zehaztu dutenez, PCR testa zein test serologikoa egin dizkiote pertsona bakoitzari. “Garrantzitsua da langile eta egoiliarrei testak egitea, egoitzan une hauetan egoera zein den zehazki jakiteko”.
Test horiek egiteko eskaria udalak egin zuen, udalaren iritziz “lehentasunak ezartzea behar-beharrezkoa delako”. Iragarri dutenez, hurrengo pausoa Udaltzaingoari eta Udal Brigadako langileei testak egitea izango da; eskaera eginda dute.