Euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitu nahi dute udalek
Orain arte lortutako datuak oso positiboak badira ere, datu horiek hobetzeko asmoa agertu dute Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako udal ordezkariek.
Maiatzaren 4an emango diote hasiera 2019 errenta aitorpenaren kanpaina berriari Bizkaian. UEMAk eta hainbat erakunde publikok elkarlanean jarrita abiatu duten kanpainagaz bat eginik, eskualdeko hainbat udalek ere errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatu nahi dituzte herritarrak. Horren aldeko apustua egin dute Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako udalek, esaterako. Hiru udalek azaldu dutenez, aurten ere aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua handitu nahi dute.
Eskualdeko herritarren artean ere bada zer hobetua. Azaldu dutenez, azken urteotan aitorpena euskaraz egin dutenen kopurua nabarmen handitu da. Eta orain arte lortutako datuak oso positiboak badira ere, datu horiek hobetzeko asmoa agertu dute, errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua urtetik urtera handitzen jarraitzeko. UEMAtik iragarri dutenez, herritarrek administrazioagaz dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahi dute. “Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik”.
Ondarroako udal ordezkariak, besteak beste, pozik agertu dira. Azken urteotako kanpainei esker, euskaraz egindako errenta aitorpenek herrian eduki duten bilakaera ona dela diote. Iaz egin ziren 4.453 errenta aitorpenetatik ia erdia (%47,4) euskaraz egin zirela jakitera eman dute, eta bide horretatik jarraituta, aurtengo erronka datu hori hobetzea dela nabarmendu dute.
Lekeition eta Markina-Xemein ere, errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua goraka doa, urtetik urtera egiten diren kanpainen eraginez. Lekeitioko udal ordezkariek azpimarratu dutenez, iaz azken sei urteotako kopuru altuena lortu zuten; 1.484 herritarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz (%39.7ak). Markina-Xemeinen, ostera, 728 herritarrek egin zuten aitorpena euskaraz. “Tramite hori burutu zuten herritarren %27,1ak, hain zuzen”.
Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek adierazi dutenez, bestalde, koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta, errenta aitorpena aurrez aurre egiteko aukera bertan behera geratu da behin-behinean. Aldundien nahia kanpaina era telematikoan egitea da; aitorpenak Internet bidez egitera animatu dituzte herritar guztiak.
Kanpaina zergapekoei autolikidazio proposamenak bidalita normaltasunez abiarazi bada ere, aitorpena aurrez aurre egin behar dutenek itxaron egin beharko dute; “zergadunei zerbitzua berme guztiekin ematea posible denean” egin ahal izango da. Bide horretatik, Gipuzkoan errenta kanpaina ohikoa baino luzeagoa izango da. Kanpaina apirilaren 15ean hasi zuten, eta uztailaren 29ra luzatzea derrigortu du egoerak.