Herria zazpi gunetan banatu du Ondarroako Udalak, haurren irteeretan pilaketarik ez emateko
Guneak auzoka antolatzeaz gain, umeekin kalera paseoan ateratzeko ordutegi bat ere zehaztu dute. Ordutegi hori norbera bizi den etxebizitzaren atariaren araberakoa izango da.
Umeekin kalera ateratzeko orduan Espainiako Gobernuak dekretu bidez ezarritako araudi berrian oinarritutako gomendio batzuk kaleratu ditu Ondarroako Udalak. Azpimarratu dutenez, herriaren berezitasunetara egokituta hainbat gomendio kaleratu dituzte, eta horiek errespetatzeko eskatu dute. “Ondarrutarren hobe beharrez zabaldu nahi ditugu gomendio hauek”. Jende pilaketak saihestu eta arriskuak murrizteko nahiagaz, herrigunea zazpi gunetan banatu dute. Bakoitzari dagokion gunetik paseoak ematea, eta zabaldu duten mapan agertzen diren norabideak errespetatzeko gomendatu dute.
Herrigunea honako zazpi gunetan banatu dute: lehen gunea (KamiƱazpi auzoa, Iturribarriko biribilguneraino), bigarren gunea (San Ignazio kalea eta Zaldupe), hirugarren gunea (Zaldupeko zubitik Nasa kaleraino), laugarren gunea (Magdalena, San Juan Txurru, Astilleru eta Zaldubide, hondartzako muturreraino), bosgarren gunea (KamiƱalde eta Alde Zaharra, Antiguako bideraino), seigarren gunea (Kafe Atzetik Itsas Aurreraino) eta zazpigarren gunea (Artabidetik postuko mustur berriraino).
Zehaztu dutenez, Ondarroan 14 urtera arteko 965 ume daude. “Ume horiek guztiek eta beraien arduradunek kalera batera irteten badute jende asko litzateke kalean momentu berean. Udalak horregatik erabaki du herritarren artean gomendio hauek zabaltzea. Zenbat eta jende gutxiago egon kalean une berean, arriskuak ere murriztu egingo dira”. Alarma egoera kudeatzeko sortutako Koordinazio Mahaitik oso garrantzitsutzat jo dute udalak eman dituen gomendioak jarraitzea, “orain arte ondo egindako guztia bide beretik eramaten jarraitzeko”.Gogorarazi dutenez, oso garrantzitsua izango da araudia zehatz betetzea, eta lehendik zeuden gainontzeko gomendioak ere betetzen jarraitzea egoerak onera egiten jarraitu dezan.
[IKUSI HEMEN GUNEEN MAPA ZEHATZA]
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak agertu duenez, herria zazpi gunetan banatzeaz gain, umeekin paseoak eman ahal izateko ordu batzuk ere zehaztu dituzte, beti ere, kalean une berean jende gehiegi ez batzeko helburuagaz. “Gomendioak dira, baina uste dugu horrela antolatu ahal garela hobekien COVID-19ari aurre egiten jarraitzen dugun bitartean. Bakoitza bizi den atariko zenbakiaren arabera kalera irtetea antolatzeko modu bat da. Beste aukera gehiago ere egongo dira, baina gure herriarentzako ondo datorren antolatzeko modu bat dela uste dut”.
Goizetan umeak eskolak jarraitzen edota ikasten egoten direnez, paseatzeko orduak arratsaldean egitea gomendatu dute astelehenetik zapatura bitartean. Haurrekin ateratzeko ordutegia 16:00etatik 20:00etara proposatu dute: 16:00etatik 17:50era, atari bakoitiak eta 18:10etik 20:00etara, atari bikoitiak. Domeka eta jaiegunetan, berriz, gainontzeko egunetako ordutegiaz gain, 10:00etatik 14:00etara ere kalera atera ahal izatea ere proposatu dute: 10:00etatik 11:50etara atari bakoitiak eta 12:10etatik 14:00etara atari bikoitiak.
[IKUSI HEMEN GUNEEN MAPA ZEHATZA]
Bakoitza bere gunean ibiltzeko eta horretarako propio ezarri dituzten tarte horietan txakurrik ez ateratzeko eskatu dute. Eguneko paseoa egiterako orduan proposatutako ibilbidearen norabidea ere errespetatzeko eskatu dute. “Ez geratu taldean jolasten edo berba egiten”. Uneoro 2 metroko distantzia mantendu beharko da, eta ezingo da eserlekuetan eseri, ezta ziburuetan ibili ere. Dekretuak agintzen duen dituen gainontzeko neurriak ere bete beharko dira. Legediaren arabera, gainera, herritar asko pilatzen diren lekuak ere itxi ahalko ditu udalak. Izan ere, umeei ateratzen uztearen helburua paseo bat ematea da, eta ez leku berean jendea asko batzea.
Mutrikuko Udalak ere hainbat gomendio kaleratu ditu. Hondartzara joanez gero paseatzera joateko eskatu dute. “Ezingo da bertan gelditu”. Horrez gain, kostaldeko bidea ez erabiltzeko ere gomendatu dute, “segurtasun distantzia zaintzea zaila delako”.