Ondarroako 'Kalamendi' ontziko arrantzaleak negatiboa eman du koronabirusaren proban
Ontzia portuan zigilatuta egon da emaitzaren berri jakin bitartean. Gainontzeko marinelek ere ontzi barruan geratzea erabaki dute euren borondatez.
Ondarroako Kalamendi arrasteontzia zigilatuta egon zen ordu batzuez zapatuan [apirilak 25], ontzi barruan ustezko COVID-19 kasu bat antzeman eta gero. Ontziko arrantzale batek gaixotasunagaz bateragarriak ziren sintomak sumatu zituen bariku [apirilak 24] gauean, eta itsaso zabaleko mediku ontziak porturatzeko agindua eman zien.
Arrantzalea, hain zuzen, Frantziako uretan arrantzan ari zirela gaizki sentitu zen, eta ontziko patroiak mediku ontziari deitu ostean, hango osasun langileak porturatzeko agindua eman zuen. Sintomadun arrantzalea Galdakaoko ospitalera eraman zuten porturatu orduko, eta probak egin ostean, negatiboa eman zuen COVID-19 gaixotasuna duen jakiteko egindako proban.
Zapatu [apirilak 25] arratsaldean probaren emaitzak koronabirusa izatea baztertu zuela ezagutu ostean, etxera atseden hartzera bueltatu ahal izan ziren gainontzeko beharginak. Egoera normaltasuna bueltatu ostean, ontzi zigilatzen zuten hesiak kendu, eta ohiko lanak egiten ari dira egiten ontzian, berriro itsasoratu aurretik.
Kalamendi zapatuan 02:00ak aldera porturatu zen Juan de la Cosa ospitale ontziak lagunduta; ordurako, anbulantzia bat, Ertzaintzaren patruila bat, ontziko armadoreak eta Ondarroako portu zuzendaritzako ordezkaria hurreratu ziren portura. Ontzia isolamenduan ipini zuten, eta sokaz hesituta eduki zuten babes neurri modura, itsasontzira inor ez hurreratzeko.
Badaezpadako neurriak hartuta, euren borondatez ontzian bertan isolatuta geratzea erabaki zuten gainontzeko hamalau marinelek, etxekoak kutsatzeko beldurrez. Izan ere, etxera joatekotan, berrogeialdian egoteko agindu zieten, etxeko gainontzeko bizilagunetatik isolatuta. “Etxera joan eta etxekoak kutsatzeko beldurragaz, proben emaitzak jakin arte ontzian bertan geratzea erabaki zuten euren borondatez. Inor ez ditu derrigortu ontzian konfinatuta geratzera”.
Ontziaren arduradunek jakitera eman dutenez, sintomak eduki zituen arrantzalea lanean hasiberria zen, beste baten ordez. Antza denez, “gripe zantzuekin” itsasoratu zen. “Ez zuen ezer esan. Tenperatura ere hartu genion, eta ez zuen sukarrik; ez zuen bestelako sintomarik itsasoratu zenean”. Aurreko eguaztenean [apirilak 22] ontzia Ondarroako portuan ere egon zen arraina deskargatzen. “Langileak ez zigun ezer komentatu”. Azaldu dutenez, berriro itsasoratu ostean lankideek janlekuan hotz dardaraka zegoela ikusi zuten, eta ontziko patroiari egoeraren berri eman zioten. Kezkatuta, irratitik medikuari deitu zioten, eta hark lehorreratzeko agindua eman zuen.