Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoratu dituzte Salaketa Egunean
Euskal gehiengo sindikalak deitu du koronabirusaren krisiak baldintzatuta etorri den Salaketa Eguna. Euskal Herrian aurten hil diren 29 langileak ere izan dituzte gogoan.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek osatzen duten euskal gehiengo sindikalak mobilizazioak deitu dituzte gaur [apirilak 28], Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira. Aurten Euskal Herrian hil diren 29 langileak izan dituzte gogoan, eta horien artean, desagertuta jarraitzen duten Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilagunari eta Joaquin Beltrani aipamen berezia egin diete. Otsailaren 6az geroztik lurperatuta jarraitzen dutela salatzeko, Zaldibarren egin dute sindikatuek gaurko ekitaldi nagusia. Zabortegiaren atarian batu direnek agerian utzi dute “enpresak dirua irabazteko tresna hutsak direla”.
Arrate Elkoro ELAko ordezkariak salatu zuenez, antzeko zerbait gertatu zen zabortegia erori zenean. “Bi langile lurperatuta. Eta autobidea berriz irekitzeko era guztietako langileak ekarri zituztenean ere, inolako segurtasun neurririk gabe lan egin zuten dioxinen artean. Eta hala gertatzen ari da koronabirusaren krisiarekin, milaka pertsona babes neurri egokirik gabe lan egitera behartu dituztenean, haien osasuna eta, are gehiago, bizitzak arriskuan jarriz”.
Hain zuzen ere, koronabirusaren krisiak eta salbuespen egoerak baldintzatuta etorri da gaurko Salaketa Eguna. Lurdes Eraso LABeko Lan Osasuneko arduradunaren iritziz, lan osasunak okerrera egiten jarraitzen du, azken asteotako gertaerak lekuko. Azpimarratu duenez, lau langile zendu dira koronabirusak jota. Erasoren arabera, langileak abandonatuta sentitzen dira.
Salaketa Eguneko mobilizazioak, gainera, ezohiko eran zabaldu behar izan dituzte. Sare sozialen bidez lantokietan ateratako argazkiak eta bideoak partekatu dituzte langileek. Sindikatuetako ordezkariek agertu dutenez, erantzun ona eduki du deialdiak. Zehaztu dutenez, nazional mailan ez eze, eskualde mailan ere erantzuna ona izan da. “Horren seinale dira jaso ditugun irudi guztiak”.