Konfinamendutik ateratzea probintzia bakoitzaren egoeraren araberakoa izango dela esan du Pedro Sanchezek
Planak lau fase izango dituela azpimarratu du, eta fase bakoitza gutxienez bi astekoa izango dela. Maiatzaren 11n zabaldu ahalko dira denda txikiak. "Normaltasuna" ekain amaieran lortu nahi du Sanchezek. Sanchezek nabarmendu du ikasturte berria irailean hasiko dela.
Helburua, osasuna mantenduz ekonomia martxan ipintzea dela nabarmendu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak gaur arratsaldean egindako agerraldian. Plana idazterako orduan, adituen iritziak, sindikatuenak eta gizarte zibilarenak jaso dituztela esan du. Planak lau fase izango dituela azpimarratu du, eta fase bakoitza gutxienez bi astekoa izango dela. “Normaltasuna” ekain amaieran lortu nahi du Sanchezek.
Konfinamendutik ateratzen hasteko plana mailakakoa eta asimetrikoa izango dela nabarmendu du Sanchezek. “Ezingo da probintzien arteko mugimendurik egin, onartutako ekintzak bizi den probintzian egin ahalko dira”, azpimarratu du. Sanchezek behin eta berriz esan du konfinamendutik ateratzea probintzia bakoitzaren egoeraren araberakoa izango dela, eta ohartarazi du uneren batean egoera okertuz gero berriz ere atzera egiteko aukera egongo dela. Dena dela, 5.000 pertsonatik gorako kirol zein kultura ekintzak ezingo dira egin irailera arte.
- 0. FASEA: Sanchezek esan duenez, dagoeneko prestaketa fasean dago gizartea. Haurrak eta helduak kalera ateratzeaz gain, etxera eramateko janaria prestatzen duten jatetxeak ere ireki ahalko direla. Gainera, kirolari profesionalek entrenatzeko aukera edukiko dute.
- 1. FASEA (maiatzaren 11tik aurrera): Lehenengo fasean, denda txikiak ireki ahalko dira. 65 urtetik aurrerakoek lehentasuna izango dute horrelako dendetara joateko orduan. Gainera, erlijio guneak ere ireki ahalko dira, duten edukieraren herena bakarrik erabilita. Garraio publikoan maskara erabiltzea gomendatuko dute, baina ez da derrigorrezkoa izango.
- 2. FASEA: Bigarren fasea lehenengo fasearen menpe egongo dela nabarmendu du. Hala, jatetxeak ireki ahalko dira, edukieraren herena bakarrik erabiliz. Erakusketa gelak eta antzokiak ere irekiko dira, beti ere edukieraren herena beteta. 50 pertsona edo gutxiagoko kultur ekintzak egin ahalko dira. Hezkuntzari dagokionez, Sanchezek nabarmendu du ikasturte berria irailean hasiko dela eta iraila baino lehen hiru salbuespenetarako irekiko direla ikastetxeak: selektibitatea egiteko, errefortzuetarako klaseak emateko eta nork zaindu ez duten sei urtetik beherako haurrak joateko.
- 3. FASEA: Hirugarren fasean, mugikortasuna irekiko dela nabarmendu du, eta maskararen erabilera gomendatuko dutela. Horrez gain, antzoki eta zinema aretoek edukiera erdia erabili ahalko dute.
Sanchezen arabera, fase bakoitza gainditzerakoan, “markadore batzuk” ezarriko dute toki bakoitza nola dagoen ikusteko. Fase bakoitzak bi aste inguru iraungo du, eta behin epe hori gaindituta, ikusiko da nola dagoen lurralde bakoitza, fase berrira pasako den edo ez erabakitzeko. Markadore horiek “irizpide objektiboen araberakoak” izango dira eta kontuan hartuko dituzte, besteak beste, epidemiaren beraren bilakaera, osasun arretaren egoera toki bakoitzean (hala osasun etxeena edo ospitaleena), laneko segurtasun neurriak eta herritarren mugimenduak. Markadoreak “publikoak eta gardenak” izango dira, eta mundu guztiak jakingo du nola dagoen unean uneko egoera.