Martxan da Markina-Xemeingo Peru Abarka lehiaketaren bigarren fasea
Ilustrazio lehiaketan parte hartu nahi dutenek Peru Abarka Lehiaketaren webgunean daukate eskuragarri narrazio testua.
Peru Abarka Album Lehiaketa 2019. Ekainaren 26ra arte zabalik dago Markina-Xemeingo Peru Abarka Album Lehiaketara ilustrazio lanak bidaltzeko atala. Irabazleak 1.700 euroko saria jasoko du eta lana album formatuan argitaratuko da.
Peru Abarka Album Lehiaketa bi ataletan dago banatuta. Lehenengo narrazio onena aukeratzeko lehiaketa egin da, eta Yolanda Larreategi markina-xemeindarrak irabazi du lehiaketa Bi txantxangorri haritz adarrean lanagaz. Orain, narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko dute.
Ilustrazio lehiaketan parte hartu nahi dutenek Peru Abarka Lehiaketaren webgunean daukate eskuragarri narrazio testua. Narrazio horretan oinarrituta ilustrazio bikoitz bat aurkeztu behar dute DIN A 3 tamainakoa, liburuaren bi orrialderi dagokiena, guztiz amaituta eta koloretan. Horrez gain, portadaren zirriborroa eta story boardaren zirriborroa ere aurkeztu behar dituzte. “Story board-ak gutxienez lau ilustrazio izan behar ditu”. Lanak egiterako orduan edozein teknika onartzen dute.
Aurkezteko modua. Lan horiek formatu digitalean aurkeztu beharko dira, 72 pixel inguruko erresoluzioan, Markina-Xemeingo Udalean, edo bestela postaz bidali ondorengo helbidera: Peru Abarka Album Lehiaketa 2020. Markina-Xemeingo Udala. Goiko Portala 3. 48270 Markina-Xemein. Bizkaia.
Kopia bakarra aurkeztuko da gutunazal batean egilearen izenik barik. Horren ordez, lanaren titulua jarri behar dute parte hartzaileek. Gutun azalaren barruan, beste gutun azal bat sartu behar da, titulu berberagaz. Bigarren gutunazal horren barruan adierazi behar dira egilearen datuak: izen-abizenak, telefono zenbakia, jaiotza data, helbide osoa eta NAN dokumentuaren kopia.
Irabazleak irailaren 4a orduko aurkeztu beharko du behin betiko lana udaletxean.