Ondarroako eta Mutrikuko kiroldegiek Internet bidez jarraitzen dute euren eskaintza ematen
Ondarroan, esaterako, adin guztietako herritarrei zuzendutako ariketak daude ikusgai. Mutrikun, aldiz, kiroldegiko materiala zozkatu dute bazkideen artean.
COVID-19ak eragindako alarma egoerak kiroldegietako aurrez aurreko eskolak bertan behera lagatzera behartu baditu ere, Ondarroako eta Mutrikuko kiroldegiek hainbat saio eskaintzen jarraitzen dute Interneten abian ipini dituzten kiroldegi birtualei esker.
Ondarroako udal iturriek jakitera eman dutenez, hainbat ataletan zerrendatuta, adin guztietako herritarrei zuzendutako ariketak daude ikusgai. Besteak beste, etxetik egin ahal izateko meditazio eta yoga saioak eskaintzen dituzte. Baina, horrez gain, eskaladara, arraunera eta futbolera egokitutako entrenamenduak ere eskaintzen dituzte sarean.
Azpimarratu dutenez, geroz eta eskaintza zabalagoa du herriko kiroldegi birtualak. Izan ere, kiroldegiko eguneroko bideoez gain, herriko kirol taldeetako hainbat kideren kolaborazioak ere badituzte. Herritarren batek kolaborazioren bat egin nahi izanez gero, komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora idazteko gomendioa egin dute.
Mutrikuko kiroldegiko lantaldeak ere lanean jarraitzen du kiroldegiko erabiltzaileentzat prestatu dituzten saio gidatu birtualak Interneten partekatzen. Eta, gaineratu dutenez, bazkide guztiek aholkularitza zuzena eta pertsonala edukitzen jarraituko dute kiroldegiko irakasleen eskutik.
Saio horiek “ohikoa modura” gozatu ahal izateko, gainera, kiroldegiko materiala doan utzi diete bazkideei, konfinamenduak irauten duen tartean. Pancafit eskoletan dabiltzan erabiltzaileen artean bederatzi hamaka zozkatu dituzte, itxialdian hamaka eta guzti saioak egin ahal izateko, eta kiroldegian zeuden hamabost spinning bizikleta ere zozkatu dituzte. Mutrikuko Arraun Taldeari, bestalde, ergometro bat ere laga diote. Arraun taldeak arraunlarien artean ditu banatuta lokalean dituen ergometroek, baina gehiagoren beharra eduki dute.
Kiroldegiko ohiko zerbitzuez gozatzeko aukerarik ez dagoenez, erabiltzaileek aurrez ordaindutako kuotaren zati proportzionala itzuliko die Mutrikuko Udalak bazkide guztiei, “behin egoera gainditu eta gero”.