Ondarroako osasun zentrora ahalik eta gutxien joateko gomendatu dute
Izapide administratiboak egin behar duten herritarrei aldez aurretik osazun zentrora deitzeko eskatu diete.
Ondarroako osasun zentrora ahalik eta gutxien joateko gomendioa egin dute bertako ordezkariek. Alarma egoera dela eta, izapide administratiboak egin behar duten herritarrei aldez aurretik beraiekin telefonoz harremanetan jartzeko eskatu diete. Edozein zalantza edo informazio behar izanez gero zentroko 94-603 79 99 telefonora deitu beharko da lehenengo, beharrezkoak diren paperak zein diren argitzeko, eta behin eta berriro joan-etorrian ibili beharrik ez edukitzeko. “Lehenengo deitu osasun zentrora: osasun txartela galdu edo apurtzeagatik, alta berria egiteko Ondarroan edo Berriatuan, ortopedia izapideak, diru itzulketak…”
Izapideak egiteko beharrezkoak diren dokumentuak dituzten herritarrei emango diete soilik aurrez aurreko arreta. Zerbitzu hori astelehenetik barikura egongo da abian, 11:30etik 13:00etara bitartean. “Behin izapidea egiteko beharrezko dokumentuak edukita, osasun zentrora gerturatu daitezke dokumentazioa tramitatzera”.
Zentroko iturriek gaineratu dutenez, ordainketa partekatua bideratzea atzeratuta dabil. “Berriro martxan jartzen denean emango dugu jakitera”. Gogorarazi dutenez, dokumentazioa aurkezteko epea abenduaren 10ean amaitzen da.