Ondarroako Udal Hezkidetza Egitasmoak bi hitzaldi eskainiko ditu sare sozialen bitartez
Sexualitateari eta maitasun erromantikoari buruzko berbaldiak eskainiko dituzte hurrengo bi eguaztenetan.
Alarma egoeran ere herriko gazteekin edukiak lantzeko asmoagaz jarraitzen dute Ondarroako Udalaren Hezkidetza Egitasmoko hezitzaileek. Datozen egunotan gazteentzako bi hitzaldi eskainiko dituzte sare sozialen bidez: Gazteak eta sexualitatea eta Maitasun erromantikoarekin apurtzen berbaldiak, hain zuzen.
Gazteak eta sexualitatea hitzaldia eguaztenean [apirilak 29] emango dute, eta hurrengo eguaztenean [maiatzak 6], Maitasun erromantikoarekin apurtzen berbaldia. Jakitera eman dutenez, hitzaldi biak Hezkidetza Egitasmoaren Instagram kontuaren bitartez emango dituzte, 19:00etan hasita.
Lehen hitzaldiari dagokionez, Alazne Lastra sexologoa elkarrizketatuko dute egitasmoko hezitzaileek. “Gure jendartean sexualitatea tabu bat izan da beti, bai gazte zein helduentzako. Hau dela eta, isiltasun osoan bizi izan dugu gizakiarentzat beharrezkoa den arloetariko bat. Bizi dugun egoera honek aukera paregabea eskaintzen digu sexualitatearen gaia etxeetara zabaltzeko, eta Ondarroako familietan gai hori buruz hitz egiteko”.
Hurrengo astean, ostera, Goiuri Mendez Otaegi maitasun erromantikoan adituak eskainiko du berbaldia. Antolatzaileek iragarri dutenez, galderak egiteko aukera ere egongo da. “Maitasun erromantikoa izan da historikoki gure irudietan txertatuta izan dugun maitasun eredua, baina ba al dago beste maitasun eredurik? Kultura matxista honek indarrez inposatu ditu zelan maitatu behar dugun eta zer den sentitu behar duguna, betiere indarkeria tarteko”.