Suhiltzaileak ere, pandemiari aurre egiten
Ohiko errutinak eta antolamendua aldatu behar izan dituzte suhiltzaileek, prebentzio neurri denekin esku hartzeetarako prest egoteko. Desinfekzio lanetan ari dira laguntzen.
Laguntza guztiak dira beharrezkoak COVID-19-ari aurre egiteko, eta pandemiaren aurkako borrokan lanean ari dira suhiltzaileak ere. Ohiko esku hartzeez gain, desinfekzio lanetan ere ari dira, esaterako. Agenteek udalerrietako hainbat gune desinfektatzen dituzte, hiruko taldeetan banatuta, beren eginkizuna betetzeko irteerarik egin behar ez duten eguneko tarteak baliatuz.
Bizkai mailan gehien egiten ari direna nagusien egoitzen desinfekzioa da, egun batzuetan 20 egoitza inguru ere desinfektatu dituzte. Suhiltzaile parke handietakoak ari dira lan horretan. Horiek suhiltzaile gehiago dituzte, 8 edo 12, eta, beraz, zeregin horretarako aukera daukate, Markina-Xemein edo Gernika-Lumo bezalako parke txikiek ez bezala. Parke txikietan 6 suhiltzaile daude errelebo bakoitzeko, eta hiru agente desinfekzio lanetara bideratuz gero, gutxi geratzen dira parkean beste gertaeraren bati erantzuna eman ahal izateko. Beraz, parke handietakoak ari dira baita ere Lea-Artibai eta Busturialdeko egoitzak desinfektatzen, Munitibarko Oizpe, adibidez.
Ohiko beste irteerei dagokienez, COVID-19aren aurreko jardun berean jarraitzen dute, eta kasu batzuetan interbentzio gutxiago dituztela ere jakitera eman du Zorion Kareaga Laka Markina-Xemeingo parkeko suhiltzaileak. Istripuen kasuan, adibidez, interbentzioak gutxitu direla azaldu du, «zirkulazioa gutxitu delako».
Lea-Artibai mailan irteeraren bat edo beste egin dutela zehaztu du Kareagak, baina beste eskualde batzuetan baino esku hartze gutxiago izan dituzte suhiltzaileek, Lea-Artibain pandemiaren kutsadura maila oso txikia delako. «Baso suteak eta sute txikiak eta etxe suteak izan dira nagusi».
Ate irekitze arriskutsuak. Gauzatzen ari diren zeregin nagusietako eta gogorrenetako bat ate irekitze arriskutsuak dira. «Euren auzoan bakarrik bizi diren pertsonak aspaldi ez dituztela ikusten esanez deitzen dute bizilagunek, zerbait gertatzen ari dela susmatzen dutelako. Ez dugu jakiten barruan zer aurkitu dezakegun. Pertsona hilda badago ere ez».
Hori dela eta, interbentzio horietarako protokolo berria ezarri dute, osasun segurtasuneko neurriak gogortu dituzte, babestuago egoteko. «Arrisku biologikoko kutxa handi bat eramaten dugu arropa, maskara eta eskularruekin». Oxigeno botilak ere eramaten dituzte, eta eraikinaren ataritik hasten dute desinfekzioa, babeserako arropa den-denak jantzita. «Ataria desinfektatzen dugu, eskailerak, etxebizitzako atea sartu aurretik…». Horrelako kasuren batzuk izan dituzte Markina-Xemeingo eta Gernika-Lumoko suhiltzaileek.
Parke barrua garbitzen. Babeserako muturreko neurriak hartu dituzte bai kanpoko interbentzioetan bai parke barruan ere. Parke barruko egunerokoan eragina izan du COVID-19ak. Une oro dena garbitu eta desinfektatu behar dute, parkea, kamioiak eta espazio komunak: sukaldea, mahaiak, kabinak, palankak, pertsianak,walkie-talkiak, ordenagailuak, telefonoak, linternak… Ozono makina bat ere badaukate parkeko eremuak desinfektatzen laguntzeko. «Hurrengo egunean datozenei dena desinfektatuta utzi behar diegu, errelebo batetik besterako kutsadura saihesteko».
Horrez gain, elkarrengandik metro bira egon behar dute. Aldenduta egote hori egin zaio gogorrena Kareagari. «Lana gustura egiten dugu, eta gauza berriei aurre egitera ohituta gaude, Asiako liztorra kontrolatzeko lanetan ere gu hasi ginen, esate baterako. Lankideengandik urrunduta egotea da zailena, 24 ordu gaude elkarregaz eta familia bat bezala gara eta».
Bestalde, herritarrei animoak emateko eginkizuna ere hartu dute suhiltzaileek. Sirenen doinua zabalduz herrietatik ari dira igarotzen etxe barruan daudenak alaitu asmoz. «Enbarazu egin genezakeela pentsatzeak kezkatzen ninduen, baina pertsonek asko eskertzen dizute».