Herriko negozioei zerga batzuk ez kobratzea eta murriztea erabaki du Ondarroako Udalak
Terrazen zerga ez ordaintzea eta zaborren bilketa legeak ezarritako gutxiengoko mugara jaistea herriko negozioak berrindartzeko planaren barruko bigarren urratsaren parte dira.
Udal iturriek jakitera eman dutenez, alarma egoeragatik herrian itxi behar izan duten negozioei zelan lagundu aztertzen ibili dira azken asteotan. Bestelako laguntzak iritsi bitartean, itxita dauden saltokietako zabor bilketaren zerga, esaterako, legezko gutxiengora murriztea erabaki dute, eta tabernetako terrazen zerga ordainketa ere bertan behera laga dituzte. Udal zerga horien ordainketak denboraldiari dagokionez egiten dira, eta laguntzak emateaz gain, ordaindu beharreko zergak murriztuz saltoki horiei laguntzeko modurik zuzenena dela uste du udalak.
Egoera dela eta, tabernariek ezingo dute terrazen erabilerarik egin oraindik. “Beraz, zerga hori bertan behera lagatzea erabaki dugu”. Zabor bilketa, bestalde, ezerezean ezin dela laga ere nabarmendu nahi izan dute. “Ezin da ezerezean laga, eta, beraz, legeak ezarritako gutxiengoko mugara jaistea erabaki dugu”.
Neurriok herriko negozioak berrindartzeko planaren barruan hartu dituzte. Zehaztu dutenez, planaren bigarren urratsaren parte dira. Alarma egoerari buelta emateko planak hainbat urrats edukiko dituela iragarri dute: diagnostikoa, zergei buruzko neurriak, ekonomia berrazartzeko eginbeharrak, herrirako eduki kulturalak, bonuak… “Planaren helburua egoerari buelta ematen laguntzea da, udalak ahal duen neurriekin”. Herriko negozioak berrabiaraztea zaila izango bada ere, udala horiei ahalik eta laguntza gehien ematen ahaleginduko dela ohartarazi dute. “Gure mailan eta gure aukera zeintzuk diren jakinda, herriko dendari, ostalari eta abarri laguntza emango diegu, beraiek baitira herritarrekin batera Ondarroari bizia ematen diotenak”.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak azaldu duenez, egoerari buelta emateko garrantzitsua izango da udalaz gaindiko erakundeei laguntza. “Enpresa txikiak, autonomoak… guztiok eman beharko dugu laguntza, baina uste dut goragoko erakundeek benetako apustua egin behar dutela saltoki txikia zaintzeko egoera honetan”. Udal iturriek aurreratu dutenez, diru sail bat bideratzen ari dira herriko ekonomia txikia berrindartzeko. “Hurrengo urratsa izango da hori, zerga jaitsieraren ostean”. Laguntza horiek bi mailatan ari direla prestatzen esan dute. “Laguntza bat herrira begira emango dugu zuzenean eta beste bat eskualde mailakoa izango da, Lea-Artibaiko herri guztien artean adostua. Bi esparru horiek lantzen ari gara, eta laster zehaztu ahal izango dugu informazioa bere osotasunean”.