Arrantza etorkizuneko jarduera ekonomiko sozial bihurtu behar dela dio Ondarroa 12 miliak
Arrainari dagokion balioa eman eta horren bizi iraupena bermatzeko hainbat neurri proposatu dituzte.
Ondarroa 12 milia elkarteko kideen iritziz, koronabirusak sortutako osasun krisiak arrantzaren norabidea aldatzeko eta sektorea berregituratzeko aukera ekar lezake. Arrantzaren jardueran eta arrantza-sektorearen etorkizunean arreta berezia jarri behar dela diote. Azpimarratu dutenez, arrantzaren etorkizuna bermatzeko beharrezkoa da aldaketak egiten hastea. “Daramagun bidea jarraituta ez goaz inora; sektorea, bestela, kolokan egongo litzateke”.
Leo Belaustegi elkarteko kidearen esanetan, egunok sektorearen egoerari buruz hausnartzeko egokiak izan daitezke. “Gaur arteko arrantza modua eta filosofia, beharbada, ez da alderdi batera laga behar, baina arrantzak funtzio sozial bat betetzea berebizikoa da. Arrantzaleek egiten duten lanaren helburua gizartea elikatzea izan beharko litzateke”. Ohartarazi dutenez, arrainetik lortzen den diru etekinik txikiena arrantzaleek jasotzen dute, eta eredu hori ere aldatu beharra dago. “Egunotan portuetan arraina saldu ezinik dabiltza, eta ondorioz, oso merke ari dira saltzen. Kontsumitzaileek, ostera, ezin dute arrainik prezio egokian erosi, garesti dagoelako”.
Azaldu dutenez, oreka bilatzea nahitaezkoa izango da. Bide horretatik, hainbat ekarpen eta proposamen egin dituzte Ondarroa 12 miliakoek. Arraina bidezko prezio batean saldu ahal izateko, esaterako, gutxieneko prezio bat ezartzea garrantzitsua izango dela diote. Merkatua erregulatu ahal izateko, arrainaren prezioa kofradiekin adostea proposatzen dute. “Kofradia izango da arraina zuzenean merkaturatuko duena, bitartekaririk gabe. Modu horretara, kontsumitzaileak prezio egokian erosi ahalko du arraina, eta arrantzaleek ere prezio bidezkoan salduko dute”.
Bertoko eta sasoiko arrainari balioa ematea ere berebizikoa dela esan dute. Egunotan, esaterako, antxoa oso merke saldu dute hainbat portutan; eta hori “produktua gutxiestea” dela diote. “Prezio horietan salduta ez zaio baliorik ematen antxoari, eta hori ezin du onartu gizarte honek”. Bidezko prezioak bermatu eta arrainaren kontsumoa ziurtatu ahal izateko, baina, neurriz itsasoratzea ere garrantzitsua dela diote; arrantza jarduerari modu selektiboan eutsi beharko litzaiokeela uste dute. “Egunero edo astero txandakatuz, esaterako. Aukeretako bat portu bakoitzetik bina itsasontzia ateratzea izan daiteke aukera: Gipuzkoatik sei eta Bizkaitik beste sei”.
Ontzi kopuru mugatu bat itsasoratuta gainera, neurri horrek arrainaren bizi zikloa bermatuko lukeela diote. Kuotak eta neurriak errespetatzea, eta lehorretik 12 miliara edo harantzago aritzea ezinbestekoa dela diote, arrain populazioetan normalean baino kalte handiagorik ez eragiteko. “Arraina erruten ari den momentua harrapatzen baldin badugu, etorkizunean arazo handi baten aurrean egongo gara. Arrainak bizi zikloa bete dezan garrantzitsua da 12 miliako eremua babestea”.