Astean behin zabalduko dituzte Ondarroako igogailu publikoak
San Ignazio kalekoa martitzenetan egongo da zabalik, eta Iparkale eta Pixapekoak, berriz, eguenetan. 08:00etatik 12:00etara egongo dira zabalik, eta uneoro garbitzaile bat egongo da espazioa desinfektatzen.
Ondarroako Udalak jakitera eman dutenez, maiatzetik aurrera astean behin zabalduko dituzte San Ignazio, Iparkale eta Pixapeko igogailuak. Neurria farmaziara, Osasun Etxera edota asteko erosketa egitera joatea errazteko hartu dutela azpimarratu dute. Iragarri dutenez, igogailu guztiak ez dituzte egun berean zabalduko. San Ignaziokoa, esaterako, martitzenetan zabalduko dute, eta Iparkale eta Pixapekoak, ostera, eguenetan. Kantoipe kalekoa, ostera, itxita mantenduko dute oraingoz.
Udal iturriek azpimarratu dutenez, igogailuak oraindik ezingo dira ohiko ordutegi zabalagaz zabaldu, osasun eta segurtasun baldintzak bermatzea lehentasunezkoa delako. “Badakigu herritar askorentzako oso garrantzitsua dela igogailuak funtzionamenduan egotea; horregatik erabaki dugu zabaltzea. Beraz, eginbeharrak egun eta ordu horietan egitea gomendatzen diegu herritarrei”, adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.
Igogailuak, hain zuzen, 08:00etatik 12:00etara egongo dira zabalik. Azaldu dutenez, igogailua martxan egongo den ordutegian garbitzaile bat egongo da erabilera bakoitzaren ostean igogailua desinfektatzen, eta arrazoi horregatik ezarri dute ordutegi zehatz bat ere. “Egun horietan garrantzitsua izango da begirunez jokatzea, eta benetan igogailua erabili behar duten herritarrei lehentasuna ematea”. Udalak borondatez hartu du erabakia, eta gogorarazi dutenez, neurriak ez badira hartzen itxi egingo dituzte igogailuak.
Honakoa izango da igogailuen erabilera protokoloa:
- Igogailua banaka ibili beharko da, salbuespenak izan ezik.
- Animaliak sartzea debekatuta dago, asistentzia txakurrak izan ezik.
- Ilaran zain egon bitartean gutxieneko segurtasun distantzia mantendu.
- Garbitzaileagaz begirunez jokatu.