Bertsozale Elkarteak 45.000 euro bideratuko ditu bertsolarien egoera zaurgarria leuntzeko eta plaza indartzeko
Martxotik ekainera arte, 385.600 euro inguruko galerak aurreikusi ditu elkarteak. Lanku Kultur Zerbitzuen bidez antolatuta zeuden saioei bide emango die Plaza ekimenak. Hitzartuta zeuden saioak Internet bidez eskaintzeko aukera emango zaie antolatzaileei. Asteburuan bi saio eskainiko dituzte.
COVID-19aren pandemiak bertsolaritzaren sektorean izandako ondorioen irakurketa egin du Bertsozale Elkarteak. Zehaztu dute pandemiak elkartearen zuzeneko egitasmoetan ez ezik, bertsolaritza mugimendu osoan izan duela eragina. Horren aurrean, elkarteak erabaki du 45.000 euro bideratzea bertsolarien egoera zaurgarria leuntzeko eta bertso plaza indartzeko.
“Elkarteak eskuartean zituen proiektu asko bertan behera geratu, atzeratu edota moldatu behar izan direla diote. Ohiko bertso plaza berreskuratzeko denbora beharko dugula gogoan, egungo egoerara egokitutako ekimenak jarriko ditugu abian”.
Elkarteak Xenpelar Dokumentazio Zentroan biltzen dituzten datuen arabera, 2019an, 1.644 saio egin ziren Euskal Herrian: horietako 1.215 saiok bertsogintza zuten ardatz, izan jaialdi, lagunarteko, plaza libreko zein txapelketa; eta gainerakoak, 400 ekitalditik gora, bereziak, esperimentalak, hitzaldiak edo saio didaktikoak izan ziren. Joan-etorri dezenterekin baina, oro har, saio kopurua mantendu egin ohi da. “Aurten, saioen gorakada txiki bat izan dugu urteko lehen bi hilabeteetan. Urtarrila eta otsaila ez dira hilabete osoenak izaten bertsolarien eta bertsozaleen agendetan, eta horregatik da pozgarria goranzko joera”. Udaberriko hilabeteak are indartsuagoak izaten direla diote, udakoen pareko, baina osasun krisiak panorama bete-betean aldatu duela esan dute: martxoan 195 bat saio aurreikusten ziren eta 53 gauzatu dira. “Hortik aurrera, bertan behera gelditu da plaza: iaz 122 saio egin ziren apirilean, 162 maiatzean, 179 ekainean eta 135 inguru udako hiru hilabeteetan, horietako zenbait Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutakoak. Honek guztiak ondorio ekonomiko nabarmenak ditu: martxotik ekainera arte, 385.600 euro inguruko galerak“.
- Bertan behera geratu diren ekimenak: Bertso Udalekuak eta barnetegiak; Haizea dator; Sakontze Bertso Eskola; Eskolatik Plazara; Plazara!; Bertso Eskolen Egunak; Bertsulari Ttiki, Elebidunen ikasturte bukaerako Besta Eguna.
- Atzeratuko direnak: Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa; Bardoak; Bizkaiko Txapelketako Udabarriko fasea; BBK Sariketa; Eskolartekoa; Pello Mari Otaño bekako deialdia (epea luzatu zaio); Udako Bertso Eskola ikastaroa UEUn (ikuskizun).
- Beste moduren batean egingarriak izan daitezkeenak: Zenbait ikastetxetako ikasturte amaierako jaialdia; Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa; Oholtzapetik; Hernandorena Sariketa; Ahalduntze Bertso Eskola; Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista; UPV/EHUko Uda Ikastaroa.
Bestalde, Lanku Kultur Zerbitzuen bidez antolatuta zeuden saioei bide emango die Plaza ekimenak. Hitzartuta zeuden saioak Internet bidez eskaintzeko aukera emango zaie antolatzaileei. Hala, asteburu honetan bi saio eskainiko dituzte:
- Maiatzak 2: Idoia Anzorandiak gaiak jarrita, Jone Uria, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa ariko dira kantuan. 18:30ean hasiko da saioa.
- Maiatzak 3: 18:00etatik aurrera, Igor Elortza eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, Kike Amonarrizek jarritako gaiei erantzuten. Bigarren saio hau Erandioko Udalak antolatutakoa da.
Horrez gain, Internet bidezko saioak bertso plaza indartzeko eta bertsolariek “proposamen ordainduak” izateko helburua dutela esan dute. Bertsozale Elkarteak bere baliabideekin finantzatzen baditu ere, bertsozaleek ekarpenak egiteko bi bide dituztela gogorarazi dute:
- 688 88 693 5 telefono zenbakian Bizum bidez.
- Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko honako kontu edo IBAN kodean: ES16 3035 0060 43 0600042844.
BIC (Swift) kodea behar izanez gero: CLPEES2MXXX