Espainiako Gobernuak kalera irteteko hiru ordutegi bereizi ditu
Kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara atera ahalko da; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunak dituztenak irteteko; 14 urtetik beherakoak, 12:00etatik 19:00etara. 5.000 biztanletik beherako herriek ez dute zertan ordutegi hori errespetatu behar.
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak gaur arratsaldean eman ditu kalera irteteko baimenen inguruko xehetasunak. Ariketa fisikoari dagokionez, edozein kirol egitea ahalbidetuko dute, egunean behin, udalerrian bertan eta bakarka. Paseoetarako, bizikide bategaz irten ahal izango da; paseo bat egunean, kilometro bateko eremuan.
Ordutegiei dagokienez, hiru tarte bereizi ditu gobernuak; ordu tarteak 5.000 biztanletik gorako herriei eragiten die, gainerakoek ez dute ordutegien baldintza bete beharrik edukiko:
- Kirol jarduerak edo paseoetarako: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara.
- Mendekotasunak dituztenak irteteko: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.
- 14 urtetik beherakoak irteteko: 12:00etatik 19:00etara.
Oro har, esan du asteko helburua bete dutela, kutsatu berriak %1etik behera daudelako, eta sendatuen ehunekoa ere haziz doala: «Jarritako helburu bakoitza bete dugu». Testuinguru horretan, erantsi du alarma egoerak «funtzionatu» duela eta ezinbestekoa dela hura mantentzea leuntze fasean. Izan ere, beharrezko jo du birusaren aurrean «zuhur» jokatzen jarraitzea, izurria ez dadin hedatu. Aurreko domekan haurrek kalera ateratzeko aukera izan zuten lehen egunean hainbat hiritan gertatu ziren pilaketak eragotzi nahi dituzte. Horren harira, gaineratu du uneren batean pilaketaren bat gertatuz gero, segurtasun tartea mantentzea beharrezkoa izango dela.
Goizean, Illak adierazi du «lehen helburua» bete dela, «birusaren transmisioa murriztea». Dena den, tentuz ibili beharra azpimarratu du, «ez baitakigu prozesuak nolako konplexutasuna duen».
Espainiako Gobernua aztertzen ari den beste puntu bat adinekoen egoera da. Adierazi dute ordutegiak finkatzea «talde zaurgarrienen arriskua murrizteko» hartutako neurri bat dela zehaztu dute. Ez da adinekoei begira hartutako erabaki bakarra. Besteak beste, taberna eta jatetxeak ireki ahala, horiei gordetako ordutegiak zehaztuko dituzte.