Iñaki Maruri: "Greba digitalak agerian utzi du kultur arloko langileok egiten duguna"
Emanaldirik egin ezinda, kezkatuta daude kulturatik bizi diren sektoreetako langileak. Iñaki Maruri aktore ondarrutarrak bere errealitatea zer nolakoa den kontatu du.
Alarma egoerak kultura ere gogor kolpatu du. Zelan zaude?
Kultur arloan dihardugun kideak modura, lan barik nago. Martxoaren 13an emanaldi bat neukan BBK Aretoan, eta hori bertan behera geratu zen bezperan.
Lehen egunetik eragin zizun alarma egoerak.
Bai. Txarto hasi ginen. Asteburu horretarako ere (martxoak 14-15) umeentzako emanaldia geneukan Durangon, eta hori, momentuz, urrira atzeratu digute.
Beraz, batzuk bertan behera geratu dira, eta beste batzuk atzeratu egin dizkizuete.
Oro har, estreinaldiak bertan behera geratu dira, eta gero, gainerakoak atzeratu. Baina atzerapenak ere data zehatz bat finkatu barik atzeratu dira. Gero, antzokiak eta zabaltzerakoan ere, ez dakit segurtasun tarteak mantetzeko zeintzuk neurri hartuko dituzten. Oso zaila da publikoaren artean metro bat eta erdiko tartea mantentzea. Lehengo egoerara itzultzea oso zaila ikusten dut.
Eserleku bateko hutsunea uzteak ez luke balioko?
Horrek aretoaren edukiera jaitsiko luke. Eta horren arabera, sarreren diruagaz ez litzateke nahikoa izango. Horregatik, diru laguntzak hutsune horiek estaltzera bideratuta egon beharko lukete. Hau da, konpainiak babestera baino, laguntzak publikoa sortzera bideratu behar dira.
Ezjakintasunaren eraginez noraezean bezala sentitzen zarete?
Bai. Espainiako ministroak esan zuen kultura lehen mailakoa dela, baina gero esandakoa atzera bota zuen. Jaurlaritzak ere esan du laguntzaren bat egongo dela. Baina oraindik ez dago ezer zehatzik. Ez dakigu ze neurri hartuko dituzten, laguntzak zenbatekoak izango diren eta abar. Eta egoera horretan gaude kultur arloan lan egiten dugun denok, ez bakarrik aktoreak. Izan ere, jendeak uste du kulturan bakarrik aktoreak gaudela. Ez, ez. Atrezzorako egurra egiten duen arotza, argiztapenaz arduratzen dena… Kulturatik bizi diren sektore asko daude.
Kultura zer den ere jendeak ez duela ondo ulertzen diozu?
Jendeak aisialdiagaz lotzen du kultura. Baina kultura hori baino gehiago da. Kultura da hizkuntza, abestiak, poesiak, liburuak, antzerkia, zinema… Aisialdia ere bada kultura, baina hori kulturaren adar bat baino ez da.
Konfinamenduan ikus-entzunezkoen kontsumoa igo egin da. Zer deritzozu?
Ditugun aukera bakarrak dira balkoiak/leihoak edo leiho digitalak. Leiho digitaletik eskuragarri ditugunak kontsumitzen ditugu, eta horrek ekarri du gorakada. Gero, konfinamendua deitu zenean, mugimendu bat sortu zen, eta munduko antzoki, opera eta abarrek euren produktuak doan ikusteko moduan ipini zituzten. Niri horrek beldurra ematen dit.
Ez duzu ondo ikusten?
Zalantza sortzen zait hori egitea kulturarentzako zenbaterainoko onuragarria izango den. Jendea ez al da ohituko orain doan kontsumitu ahal dena gero ere doan kontsumitzera? Orain antzerkia Internet bidez egiten hasi behar gara, sarrera birtualak salduta. Eta batzuk dagoeneko hasita daude horregaz. Baina orain arte munduko hainbat lekutako ikuskizunak doan ikusi baditugu, gero ordaindu egin behar den emanaldi bat ikusiko dugu? Horrek kulturari balioa eman edo kendu egiten dio? Horiek dira gure beldurrak.
Horiek dira kezka nagusiak?
Bai, eta batez ere hemendik nola aterako garen. Antzerkia egiteko edo ikusteko moduak aldatu egin beharko dira. Jendea beldurragaz ere badago. Beraz, arriskua 0 izan arte antzoki eta abarretara ez joateko erabakia hartu ahal du. Bestetik, estreinaldien kasuan, entseguak ezin izan badira ondo egin, berriro ere gurpila martxan jartzeak denbora eskatuko du. Asteon ekainetik aurrera antzerkia egin ahalko dugula esan dute. Antzoki publikoentzat ondo, baina areto pribatuentzat txarto, Pabellon 6 aretoarentzat, esaterako. Lehen, areto horretako aktoreek 1.000 euroko soldata bat edukitzeko aretoa %100 bete behar zen. Orain, gehienez ere herena bete ahalko denez, aktoreok ere herena kobratuko dugu.
Orain, %100 kulturan diharduzuenontzat, diru sarrera 0 eurokoa da?
Bai.
Zeintzuk dira eskatzen dituzuen laguntza konkretuak?
Alde batetik, kulturako langileontzako gutxineko diru sarrera bat bermatzea eskatzen dugu. Guk emanaldiko kobratzen dugu. Ikuskizunik ez badago, ez daukagu diru sarrerarik. Eta, bestetik, kulturaren alorra berraktibatzeko bonuak-edo sortzea eskatzen dugu, publikoa animatzeko.
Greba digitalak zuen aldarrikapenak entzuteko balio izan du?
Bai. Mugimendu kolektiboak indarra egiten lagundu du. Grebak agerian utzi du kultur arloko langileok zer lan egiten dugun. Adibidez, guk ez badugu lanik egiten, orain etxean ikusten egon zaren telesail hori ezingo duzu ikusten jarraitu. Grebak erakutsi du gure garrantzia ere zer nolakoa den.
Greba pasiboa egin duzue, baina batzuek aktiboa egitea proposatu zuten. Zer deritzozu?
Ez, pasiboa egin behar zen. Ni, sortzailea naizen heinean, egun horietan ez dut ezer berririk sortu. Ez dut gidoirik egin, ez dut ezer grabatu… Eta greba egunak pasatu eta gero ere ezin izan dut sarera ezer berririk igo, bi egun horietan ez dut ezer ekoiztu eta. Nire denbora behar izam dut berriro ere martxan jartzeko. Sare sozialetan bai partekatu ditu albisteak, baina ez ekoizpen kulturalak; herritar moduan egon naiz aktibo sare sozialetan, ez sortzaile legez.
Sare sozialetan inoiz baino aktiboago zaude…
Nik beti eduki izan dut buruan nire kanala sortzea eta hortik nire ekoizpenak eskaintzea. Eskura ditugun tresnak edukita, denok izan ahal gara sortzaileak. Eta etxean egon behar izan garenez, ba aprobetxatu egin dut. Lehengo egunenerokoagaz ez neukan horretarako denborarik. Baina orain nire pertsonaien (Garaikoitz eta Aurori, esaterako) ekoizpenak gehitzeko denbora eduki dut.
Eta lehengo egunerokotasunera itzuliz gero, zer gertatuko litzateke zabaldu duzun bide berri horregaz?
Pertsonaia batzuekin aurrera egiten saiatuko nintzen. Adibidez, Aurorik ondo funtzionatzen duela ikusi dudanez, ba jarraitu egingo nuke. Lehengoa eta oraingoa uztartuko nituzke.
Aurori aipatuta, zer esango luke berak honetaz guztiaz?
Hau guztia sekulako kristoa dela eta ez diola zentzurik bilatzen. Baina egoera onartu eta aurrera egin behar dela esango luke.
Aurorik egin edo esango luke Iñakik esan edo egingo ez lukeen zerbait?
Noski. Aurori ondo jausten da herritarren artean. Ahoak eman ahala hitz egiten du; ez du kezkatzen jendeak esan dezakeenak. Aurori ez da isilduko, Iñaki, agian, bai.