Danonartin elkartearen lana eskertu dute Ondarroako eta Berriatuko udalek
Elkarteak bi herrietako 80 bat familia laguntzen ditu hilero. Boluntarioen lana ezinbestekoa dela azpimarratu dute.

Osasun krisiak eragindako egoerari aurre egitea Danonartin moduko elkarterik barik zailagoa izan zela azpimarratu dute Ondarroako eta Berriatuko udaletako ordezkariek. Beharrizana duten Ondarroako eta Berriatuko familiei hilero-hilero banatzen dizkie elikagaiak elkarteak, hori dela eta, hilero-hilero egiten duen lana aitortu eta eskertu nahi izan dute Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga eta Jon Arriola Espilla alkateek. “Egoera honek bizimodua aldatu digu egun batetik bestera, eta herritar asko esku hutsik laga ditu. Danonartin elkarteak laguntza ederra ematen dio bi herrietako 80 bat familiari. Oso eskertuta gaude”.
Elkarteak azken banaketako datuak jakitera eman ditu. Apirileko banaketan, esaterako, 72 helduk jaso zuten etxerako janaria; guztira, 2.007 kilo elikagai. Aurreko hilabeteko banaketan, ostera, 24 umek eta 61 helduk jaso zuten elikagai sorta; guztira, 1.820 kilo. “Hilabete honetan umeentzako janari banaketa Gurutze Gorriak egin du, eta 61 umerentzako elikagaiak banatu dituzte”.
Elkarteak hilero banatzen ditu otarrak, baina nabarmendu dutenez, elikagai horiek lortu eta kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da boluntarioen eta herritarren laguntza. Boluntario guztiak ongietorriak izango direla azpimarratu dute Ondarroako Ongizate Batzordetik. “Udaletik garrantzitsua deritzogu Danonartin elkarteari babesa eta laguntza ematen jarraitzea”. Proiektuagaz bat egin eta boluntario modura aritu nahi duten herritarrei danonartin@hotmail.com helbide elektronikora mezu bat idazteko eskatu diete.
Agertu dutenez, boluntarioek askotariko lanak egiten dituzte:
- Elikagaien Bankutik etortzen den kamioaren deskarga, hilean behin.
- Banaketa egunerako kaxak edo sortak prestatzea, hilean behin, taldekideek erabakitzen duten egun eta orduan.
- Banaketa, Gizarte Zerbitzuek esleitutakoaren araberako banaketa egin hilean behin, Danoartineko lokalean.