Higiene neurri zorrotzak hartuta zabaldu dute Ondarroako Kamiñaldeko igogailua publikoa
Igogailua erabili bakoitzean lurzorua eta botoiak desinfektatzen ibili da garbitzaile bat.
Hainbat astez itxita egon ostean, gaur [maiatzak 5] zabaldu dute berriro Kamiñalde eta San Ignazio batzen dituen igogailu publikoa. Hori bai, higiene neurri zorrotzak hartuta, eta soilik ordu batzuez erabili ahal izan dute inguruko auzotarrek. Hain zuzen ere, 08:00etatik 12:00etara egon da abantean zerbitzua, eta uneoro garbitzaile bat egon da espazioa desinfektatzen.
Erabilera bakoitzeko igogailuko lurzorua eta botoiak garbitzen ibili da eskularruak eta babes pantaila soinean ibili den garbitzailea. “Lurzorua ura eta lixibaz garbitzen ari gara. Teklak, berriz, Germatol deitzen den produktuagaz garbitzen ditugu”.
Ondarroako Udalak aurreko astean agertu zuenez, astean behin eta ordutegi murritzagaz zabalduko dituzte herrian dauden igogailu publikoetako hiru farmaziara, Osasun Etxera edota asteko erosketa egitera joatea errazteko. Kamiñalde eta San Ignazio batzen dituena martitzenero zabalduko dute, eta Iparkale eta Pixapekoak, berriz, eguenetan.
Udal iturriek iragarri dutenez, igogailuak ordutegi zabalagoaz irekita edukitzea planteatzen ari dira. “Gauzek ondo funtzionatzen badute, eta jendeak ondo erantzuten badu, geldika-geldika ordu edo egun gehiagotan zabaltzea erabakiko dugu”.
Honakoa da igogailuen erabilera protokoloa:
- Igogailua banaka ibili beharko da, salbuespenak izan ezik.
- Animaliak sartzea debekatuta dago, asistentzia txakurrak izan ezik.
- Ilaran zain egon bitartean gutxieneko segurtasun distantzia mantendu.
- Garbitzaileagaz begirunez jokatu.