Lurraldeen arteko harreman sozialak beste sei astez atzeratuko ditu koronabirusak
Espainiako Gobernuak ezarri duen probintziarteko neurriak ezinegona eta kezka eragin ditu Ondarroako eta Mutrikuko herritar askorengan eta udaletako ordezkarien artean.
Konfinamendua apurka leuntzeko bide orria abian jarri du Espainiako Gobernuak. Probintzia lurralde muga modura kontsideratu ondoren, neurria Ondarroako eta Mutriku modura mugaren alde batean zein bestean bizi direnen kezka iturri bihurtu da. “Normaltasun berrira” bidean doan prozesuak, gutxienez, ekainaren amaiera arte iraungo du. Bitarte horretan, herritarrak ezingo dira probintzia batetik bestera mugitu; debekatuta egongo da, lanerako edo behar bezala justifikatutako eta baimendutako zeregin saihestezin bat egiteko ez bada, behintzat.
Konfinamendua arintzeko prozesuko 0 fasea astelehenean [maiatzak 4] jarri zuten martxan, eta hurrengo fasea maiatzaren 11n jarriko da indarrean. Horren arabera, mugikortasun neurriak malgutu eta beste zenbait jarduera abiatzea baimenduko dute, beti ere, lurralde historiko beraren barruan.
Berritasun modura, taldetan batzea eta senideei, lagunei edo bikotekideei bisitak egitea baimenduko dute. Fase horretan, gehienez ere hamar laguneko bilerak egiteko aukera egongo da etxean, zabalik egongo diren tabernetako terrazetan edo bide publikoan, beti ere osasun gomendioak bete eta bi metroko segurtasun distantzia errespetatu beharko da.
Bost kilometro inguruk banatzen dituzte herri biak, eta Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren ondorioz, lehen ez zegoen muga bat agertuko da aste batzuetarako. Batzuek kilometro gutxi batzuetara dauzkate senideak, eta egunerokoa haiekin egitera ohituta egon dira. Lan ere mugaren beste aldean egiten dute askok, eta erosketak eta bestelako gestioak egiteko ohitura ere badaukate alboko herrian. Horregatik, lau hilabetez muga ezin gurutzatu izatea “gogorra” izango dela nabarmendu dute.
Probintzien araberako neurriak ez ditu konbentzitu asko. «Kuadrilla eta lagunak hain hurbil izanda, horiek ezin ikustea ez da bidezkoa. Hau da marka! Hainbeste denboran itxialdian egon ondoren, horiek ikusteko irrikaz nengoen», dio Arantza Arrasate Ondarroan bizi den mutrikuarrak. Gaineratu duenez, gogorra egingo zaio beste zortzi astez hurbilekoak ikusteko zain egon beharra. «Ezarritako dekretuan inolako zirrikuturik egon ezean, esandakoa bete beharko da, baina erabakia ez dut gustukoa. Ea zerbait asmatzen duten; hori nahiko nuke».
Mugikortasuna kilometro kopuruen arabera mugatzea litzateke zentzuzkoena askorentzat. Iritzi horregaz bat dator Mutrikuko Pikupeko etxebizitzetan bizi den Txomin L. Aramaio ondarrutarra. «Gure egunerokoa Ondarroan egiten dugu. Espainiak0 Gobernuak hartu duen erabakia, egia esan, ez nuen espero. Mugak zer edo zelan ezarri behar zirela ulertzen dut, baina hori probintzia kontuan hartuta egiteak ezustean harrapatu nau. Guretzat irrealak diren muga batzuk ipini dituzte, eta gure harreman sozialetan zuzeneko eragina izango dute. Datorren astetik aurrera familiak eta hurrekoak batzeko aukera egongo da, eta denbora luzez elkar ikusteko irrikaz egon diren aiton-amonek ezingo dituzte ilobak parez pare ikusi».