Mutriku eta Deba batzen dituen zubiko lanak hasteko izapidea onartu dute
Mutrikuko eta Debako udalek Gipuzkoako Foru Aldundiak proposaturiko lankidetza hitzarmena onartu dute. Horren arabera, aldundiak hartuko luke birgaitze lanen bigarren faseko obraren finantzaketaren ardura.
Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, Mutriku eta Deba batzen dituen zubiaren birgaitze lanekin jarraitu ahal izateko hitzarmena onartu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak egiteko hitzarmen proposamena helarazi dio duela gutxi udalari, eta aurreko eguenean [apirilak 30] egin zuten udalbatzaren oso bilkuran aho batez onartu zuten proposamena.
Zubiaren jabetzaren zati bat Mutrikukoa da eta, bestea, Debarena. Hori dela eta, Debako Udalari ere proposamen bera bidali dio aldundiak, eta eguenean han ere proposamena aho batez onartu zuten. Bi herriko udalen oniritzia jaso ondoren, bi herriak lotzen dituen zubiaren konpontze lanen bigarren fasea abiatzeko izapide administratiboak abiatu ahal izango ditu orain aldundiak.
Mutrikuko udal iturriek agertu dutenez, bi udalen eta aldundiaren arteko hitzarmenaren arabera, aldundiak bere gain hartuko luke zubia desmuntatu eta berreraikitzeko bigarren faseko lanen finantzaketaren ardura. “Zubiaren jabegoa Mutriku eta Debarena da, baina obrak duen tamaina ikusita, konpontzeko ardura aldundiari ematen diogula adostu da lankidetza hitzarmen horren bitartez”. 41 aste iraungo duten obren lizitazioa aldundiaren esku geratuta, erakundeak bere gain hartuko luke obraren 3.014.737,77 euroko inbertsioa. “Lankidetza hitzarmena onartu ondoren, diputatu kontseilura eramatea izango da hurrengo urratsa. Baiezkoa jasotzen badu, lanen esleipen prozesuarekin hasiko dira”.
Bi udalek azpimarratu dutenez, ibaiaren aldeko zein besteko herritarrentzat garrantzitsua den azpiegitura azkenean konpontze bidean jarriko dela jakitea albiste ona da. “Elkar bizitzeko garrantzitsua izan da zubi hori Mutriku eta Debako herritarrentzat. Izan ere, asko dira zubiaren alde batean bizi, baina egunerokoan ibaiaren beste alde jotzen dutenak”.
2018ko uztailaren 5ean amildu zen Mutriku Debarekin lotzen duen oinezko pasabide bakarra. Lanen lehen fasean Mutrikuko ertzetik Debako ertzeraino doan tamaina handiko egitura osagarri metaliko bat ipini zuten zubi gainean, lehen eta hirugarren zutabeen gainean, kolapsatu zen gangari eusteko. Hurrengo fasean, berriz, zubia piezaz pieza eta harriz harri desmuntatu beharko dute, eta zubia berriro eraiki jatorrizko planoaren arabera.