Mutrikuko Turruntegi eremuko xehetasun azterketari behin betiko onespena eman diote
Aurreikuspenen arabera, hamasei etxebizitza izango dituen bi etxe eraikiko dituzte AR3 Turruntegi eremuan. Villa Dioni zegoen lur eremuan etxe bat eraikitzeko plangintza ere onartu dute osoko bilkuran.
Mutrikuko Udalbatzak behin betiko onespena eman dio Turruntegiko AR3 eremuan bi etxe berri eraikitzeko hasierako xehetasun azterketari. Gaia aurreko eguenean [apirilak 30] egindako osoko bilkuran onartu zuten aldeko gehiengo zabala lortuta. Osoko bilkuran espedientea aztertu eta eztabaidatu ondoren, EH Bilduko zazpi zinegotziek eta EAJko bost zinegotziek aldeko botoa eman zuten. B+I zinegotzi bakarra, berriz, abstenitu egin zen. “Ez gatoz guztiz ados prozesuarekin”, adierazi zuten.
Aurreikuspenen arabera, 1975. urtean eraikitako hiru etxeen alboko lurretan hamasei etxebizitza eta hainbat solairutan banatutako garajeak izango dituen beste bi etxe eraiki nahi dituzte. Udal ordezkariek azaldu dutenez, etxeak egiteko planarekin jarraitu eta hurrengo urratsa eman ahal izateko xehetasun azterketa onartzea faltatzen zen bakarrik. “Eraikuntza proiektuarekin hasi aurretiko urratsa izan da osoko bilkuran emandakoa. Hemendik aurrera eraikinak nola egingo diren, eta antzerako gauzak proiektu batean jaso beharko dituzte. Orain arte, berriz, lurraren antolaketa zelakoa izango den zehaztu behar izan dute. Eraikinak non joango diren, errepidea, espaloiak, kalea… “.
Aurreko egueneko osoko bilkuran eztabaidatu ziren gaien artean, gainera, Sanmikolla kaleko 7. zenbakiko Hiri Antolakuntzarako Plan Bereziari ere behin-betiko onarpena eman zioten. Hala, duela urte batzuk eraitsi zuten Villa Dioni etxea zegoen lur eremuan beste etxe bat eraiki ahal izateko plangintzari onarpena eman zioten.