Babes pantailadun biserak banatuko ditu Mutrikuko Udalak
Datorren astean euren negozioa zabaltzeko asmoa duten autonomo eta saltokietako langileek Turismo Bulegoan jaso ahal izango dituzte biserak.
Mutrikuko Udalak babes pantailadun biserak banatuko ditu astelehenetik [maiatzak 11] aurrera. Udal iturriek zehaztu dutenez, babesteko bisera horiek herriko autonomo eta saltokietako langileek erabili ahal izateko banatuko dituzte. Turismo Bulegoan jaso ahalko dira doan.
Biserak astelehenetik barikura banatuko dituzte, 10:00etatik 13:00etarako tartean. Langile bakoitzeko bisera bana banatuko dute, eta beharra duten guztientzako egongo dela aurreratu dute. Hori bai, biserak beharrizanaren arabera jasotzera joateko eskatu dute; datorren astean zabaltzeko asmoa dutenei soilik gerturatzeko eskatu diete. “Negozioen arduradunei ireki behar duten garaian etortzeko eskatzen ari gara, ez astebete lehenago. Bestelakoan orain behar dutenentzako adina ez dugu edukiko. Lasai egon, datorren astean pantaila gehiago ere ekarriko dizkigute”.
Udal iturriek esan dutenez, herriko bi bizilagunek euren borondatez egin dituzte biserak 3D inprimagailuak erabilita. “Euren borondatez eskaini digute babesteko materiala. Boluntario horien eskuzabaltasuna eskertu nahi genuke”. Elgoibarko IMH zentroko 3D inprimaketa gunean ere hainbat bisera ari dira sortzen egunotan. “Handik ere euren laguntza eskaini digute. Bertan Mutrikuko Merkatarien Elkartearentzat 100 bisera eta udal langileentzat beste 30 bat ekarriko dizkigutela agindu digute. Laster jasoko ditugula uste dugu”.