Bizkaiko Foru Ogasunak telefono edo Internet bidez errenta-aitorpenak egiteko zerbitzu berria jarriko du martxan
Oraingoz 24.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten eta COVID-19aren ondorioz enplegu-erregulazioko espedientean dauden edo egon diren edo kaleratuak izan diren pertsonei soilik eskaintzen zaie zerbitzua.
Bizkaiko Foru Ogasunak martxan jarriko du maiatzaren 11n telefono edo Internet bidez errenta-aitorpenak egiteko zerbitzu berria. Lehenik eta behin, kolektibo jakin bati eskainiko zaio; hain zuzen ere, ekonomiaren ikuspuntutik kaltetuenari: aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean (ABEEE) eta enplegu-erregulazioko espedientean (EEE) egon edo lan-kontratua eten zaien pertsonei. Horiek jasan dute, nagusiki, Covid-19aren eragin ekonomikoa, eta zerbitzuari esker itzulketak arindu ahal izango zaizkie. Ondoren, beste kolektibo batzuei ere irekiko zaie aitorpenak telematikoki egiteko zerbitzua.
Zerbitzua 2019ko ekitaldiko lan-errendimenduan 24.000 euro gordin baino gutxiagoko errentak lortu dituzten pertsonei soilik dago zuzenduta, eta Foru Ogasunetik Renta etxean edo Renta web proposamena jaso ez dutenak erabili ahalko dute.
Eskatzaileak zerbitzu hori telefonoz erabili nahi badu, errentako telefonora deitu behar du (94 608 3000), astelehenetik barikura, 08:30etik 19:00etara. Arreta eskaintzen duen Bizkaiko Foru Aldundiko administrariek errentaren autolikidazioa egiteko beharrezkoak diren datuak eskatuko dituzte. Agiriren bat aurkeztu behar izanez gero, posta elektronikoz bidali ahal izango da.
Internet bidez egitea aukeratzen bada, errentari buruzko web-orrira sartu behar da, Bak gakoa erabiliz. Aldundiaren web-orrian, inprimaki bat bete ahal izango da, interesdunaren identifikazio-datuak jasotzeko eta beharrezko dokumentazioa eransteko. Bi bide horietako edozeinetan, zergadunak ez du ezer gehiago egin beharko.
Emaitza itzultzekoa bada, zergadunak mezu elektroniko bat jasoko du, aitorpena aurkeztu dela eta likidazioaren emaitza jakinarazteko. Likidazio hori hiru edo lau eguneko epean iritsiko zaio etxera.
Ordaintzekoa bada, zergadunak mezu elektroniko bat edo gutun bat jasoko du, autolikidazioaren kopia batekin. Aurkeztutzat emateko, baieztatu egin beharko da, mezu elektronikoz edo telefonoz erantzunda.