Aulesti hainbat zerbitzu eskaintzen eta instalazioak zabaltzen hasiko da astelehenean
Udaletxeko idazkaritzan aurrez aurreko arreta eskaintzen hasiko dira, eta liburutegia eta frontoia ere zabalduko dituzte. Hori bai, herritarren segurtasuna bermatzeko neurri zehatzak hartuta.
Udalak jakinarazi duenez, alde batetik udaletxeko idazkaritzan aurrez aurreko arreta eskaintzen hasiko dira astelehenean [maiatzak 11], nahiz eta arreta telematikoa hobesten duten (94-627 90 06 /idazkaria@aulesti.eus). “Izapidea egin aurretik eta gero eskuak garbitu beharko dira. Horretarako behar dan materiala udaletxean egongo da”.
Bestetik, astelehenetik aurrera baita ere, liburutegia erabili ahalko dela esan dute; lirubuak hartu, bertan irakurri edota bertako ordenagailua erabili ahalko da. Hori bai, kasu guztietan segurtasun neurriak errespetau beharko direla azpimarratu dute. “Erabilitako liburuek berrogeialdia pasatu beharko dute. Beraz, liburuak aurretiaz eskatzea gomendatzen da”. Liburutegiagaz harremanetan jartzeko: 94-627 90 06 /biblioteka@aulesti.eus. Dena dela, liburuak udal liburutegiko langileak banatuko dituela esan dute; “ezingo da liburuen kontsultarik egin”. Eta egoera zaurgarrian dauden herritarrek liburua eskatzeko aukera edukiko dutela eta etxera eramango zaiela esan dute.
Udal instalazioei dagokienez, frontoia zabalduko dute astelehenean, arau bereziekin. “Bakarka edo etxe berdineko kideen artean erabili ahalko da. Eta hilaren 25etik aurrera talde txikietan”. Aurretiaz txanda hartu beharko dela esan dute (688 65 58 13); eskaera aurreko egunean egitea gomendatu dute. “Giltza udaletxean hartuko da erreserbatutako orduaren aurretik, eta amaitu ostean bertan utzi beharko da. Txandak 50 minutukoak izango dira, eta erabili ostean erabiltzaileek gune konkretuak desinfektatu beharko dituzte”. Aldagelak itxita egongo dira.
Egoerak hobera egiten jarraituz gero, kiroldegia ekainaren 8an zabalduko dutela aurreratu dute. Eta Iruzubi lasaiguneko kioskoa ekainaren erdialdera zabaltzea aurreikusi dute. Ostera antzean, elkarteen gelak eta jolas parkeak itxita egotzen jarraituko dute.
Aurrera pausoa emateaz batera, herritarrei maskarak erabiltzea eta eskuak garbitzea zein garrantzitsua den gogorarazi diete.