Bigarren Euskaraldian izena eman du Ondarroako Udalak
Udalbatza osatzen duten bi alderdiek aho batez onartu dute proposamena. Aukera dagoenean Euskaraldiari buruzko aurkezpen publikoa egingo dute.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran Udalbatza osatzen duten bi alderdiekĀ aho batez onartu zuten 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartera egingo den bigarren Euskaraldian izena ematea.
Udal iturriek esan dutenez, udalak sortutako Euskaraldiko Batzordeak hilabeteak daramatza prestaketa lanetan. Koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta, bertan behera geratu zen martxoaren 17an herriko talde, eragile, elkarte eta norbanakoei zuzenduta egitekoa zen aurkezpen publikoa. Batzordeko iturriek iragarri dutenez, aukera dagoenean antolatuko dute aurkezpen publikoa.
Igorri dituzten datuen arabera, 2018an egin zen lehendabiziko Euskaraldian 1.378 Ahobizik eta 113 Belarriprestek parte hartu zuten. Aurten, berriz, norbanakoentzako bi rolez gain, erakundeentzako bereziki prestatu dutena ere egongo da abian; Arigunea deritzona, hain zuzen.
Arigune modura mota guztietako erakundeek parte hartu ahal izango dutela jakitera eman dute: besteak beste, erakunde publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kooperatibek edo kultur eta kirol elkarteek. “Ariguneek edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, bai erakunde barruan edo baita ere erakundeak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek Ahobizi eta Belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute”.