Organikoarentzako poltsak betiko lekuetan ipiniko dituzte eskuragarri Mutrikun
Gaurtik aurrera Merkatu Plazan eta Fondaberriko aparkalekuan jaso ahalko dira poltsak.
Koronabirusagatiko alarma egoerak eragindako konfinamendua arintzeko prozesuak aurrera jarraitzen duenez, organikoa jasotzeko erabiltzen diren zabor poltsa konpostagarrien banaketa lehenago finkatutako tokietan egingo dela jakitera eman du Debabarrenako Mankomunitateak. “Egoera normaltasun berrira egokitzen doan eran Debabarrenako herrietako lehengo banaketa puntuak berreskuratuko dira”.
Mutrikuri dagokionez, ohi modura, Merkatu Plazan eta Fondaberriko aparkalekuan jasoko ahalko dira zabor poltsa konpostagarriak. Gaurtik [maiatzak 11] aurrera, jaso ahalko dituzte herritarrek. Mankomunitateak ohartarazi dutenez, “kontsumo arduratsua” egiten jarraitzea komeni da. Herritarrei poltsa konpostagarriak “egoki eta zentzuz” erabiltzeko eskatu diete, beti ere, “ingurumenarekin konpromisoa mantenduz”.
Udal iturriek jakitera eman dutenez, alarma egoera ezarri zenetik Mutrikun ez da poltsa konpostagarriak lortzeko zerbitzua guztiz eten. “Fondaberriko makina erabilgarri egon da, inolako etenaldirik gabe. Merkatu Plazakoa, berriz, aldi batean geldik egon zen”.