Etxetik ospatuta ere, Berriatuko San Gregorio jaiak arrakastatsuak izan dira
Berritxuko Jai Batzordeko kideek jaiei buruzko balorazio positiboa egin dute. Egoerak hala behartuta jaietako ekimenei etxetik eta Interneten bidez eman behar izan diete zabalkundea.
COVID-19ak eraginda, herriko festarik kuttunenak beste modu batean ospatu behar izan dituzte berriatuarrek. Zalantzarik barik, egoerara egokituta ospatu behar izan dituzte sangregorioak. Itxialdian egonda, inoizko jairik berezienak ospatzeko aukera eduki dute etxetik festagaz bat egin duten herritarrek. Domekan [maiatzak 10] amaitu ziren jaiak, eta Berritxuko Jai Batzordeko kideek balorazio positiboa egin dute. “Jaiak etxetik denok ospatu ahal izateko egin genituen, eta izan duten erantzunagaz pozik gaude”.
Egoerak hala behartuta jaietako ekimenei etxetik eta Interneten bidez eman behar izan diete zabalkundea, eta egin dituzten ekintzek erantzun ona izan dutela azpimarratu dute. “Ekintzekin zein jendearen parte hartzeagaz egun hauei zentzua ematea lortu dugu. Eskerrik asko ekintza desberdinak aurrera eramaten parte hartu duzuen denoi. Ahaztu barik pantailaren beste aldean egon zaren guztiok ere. Zuek barik ez zen posible izango jai berri hauek aurrera eramatea. Jai batzordearen eta Kaxeroren partetik, bihotzez, eskerrik asko”.
Teknologia berriei esker herritar askorengana iristeko aukera eduki dutela esan dute jai batzordeko kideek. Barikuan [maiatzak 8] egin zen playback lehiaketak, esaterako, 800 bisitaldi inguru eduki ditu. Umorea nagusi, parte hartu zuten lau taldeek antzezten, dantzatzen eta abesten duten gaitasuna erakutsi behar izan zuten, eta horiek egindako ahalegina eskertu nahi izan dute jai batzordeko kideek. “Ideia garatu, bakoitzak bere zatia grabatu, eta ostean horren guztiaren muntaia egiteak ahalegin handia eskatzen du. Ideia oso originalak eta interesgarriak eta umorez zipriztindutako lan oso politak ikusteko aukera egon zen”.
Zapatuan [maiatzak 9], berriz, jaietako egun nagusia bestelako eran ospatu behar izan zuten. Paella jana klasiko bihurtu den urteroko hitzordua da berriatuarrentzat. Urtero 700 lagunetik gora batzen dira plazan, eta ohitura hori ez galtzearren, herritarrek etxean prestatu zuten paella goxoa familia giroan. Egun osoan bakoitzak etxean egindako paellaren argazkiak Facebookera bidaltzeko aukera egon zen, eta agertu dutenez, erantzun ona eduki du ekimenak. “Argazki asko jaso ditugu”.
Eguna alaitzeko bertso eta irrintzi saioak ere egin zituzten. IƱigo eta Joseba Goienola anaiek eta Julen Soroluzek “saio ikusgarria” eskaini zuten, eta Jitsi plataformatik egin zuten irrintzi saioan, ostera, zazpi lagunek parte hartu zuten. “Berriatua moduko herri txiki batentzako arrakastatsua da zazpi lagun irrintziak botatzera animatzea. Ez genuen hainbeste jende espero; zazpi lagunek parte hartzeak meritu itzela du. Pantailaren beste aldean ere nahikoa jende batu zen; 20 konexiotik gora ere egon ziren une batzuetan. Gainera, adin guztietako jendeak parte hartu zuen ekintzan”.
Jaietako azken eguna, berriz, danbor hotsekin hasi zuten. Etxeko txikienak danborrada birtualean batu ziren, eta ekimenak nahikoa jende batu zuela esan dute. Jaiak haurrentzako DJ saioagaz eta Marenen kantu emanaldiagaz agurtu zituzten.