Beste 13 miloi euro, autonomoei laguntzeko
Laguntza gehienez 3.000 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko. Maiatzean hasiko dira laguntzak ematen.

COVID-19aren ondorioz jarduerak eten dituzten norberaren konturako langileei edo autonomoei laguntzeko diru saila handitu du Lanbidek. Hasieran iragarritako 3 milioi euroei beste 13 gehitu dizkiete; beraz, amaierako diru saila 16 milioi eurokoa izango da.
Laguntza gehienez 3.000 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko, eta zehazki, jarduera eten behar izan duten autonomoak, negozio-lokal baten errentariak direnak, esklusiboki etendako jarduera ogibide dutenak eta kontzeptu beragatik beste laguntzarik jaso ez dutenak izango dira laguntzen onuradunak. Laguntza horiek maiatzean bertan ordaintzen hastea aurreikusten du Lanbidek.
Eskabideak egiteko epea zabalik dago, baina laguntzen eskabideak aurkezpen-hurrenkeraren arabera ebatziko direla esan dute, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortu arte.
Bestalde, kultur eremuko profesionalentzako laguntzak ere egongo dira. Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailak 2,5 milioi euroko plana jarriko du abian kultur arloko mikroenpresak laguntzeko. Horietarako eskabideak aurkezteko epea atzo [maiatzak 12] jarri zuten martxan Lanbiden. Esan dutenez, 2.000 profesional inguruk jasoko dituzte laguntza horiek.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ere pandemiaren ondorioen eragin zuzena jasan duten ostalaritza eta turismo sektoreko enpresa txikiak laguntzeko 15 milioi euroko beste diru sail bat emango duela aurreratu du.
Eusko Jaurlaritzak guztira, 35,5 milioi euro bideratuko ditu pandemiak eragindako kalteak pairatu behar dituzten autonomo eta mikroenpresak laguntzeko.