Musikaz beteko dira Markina-Xemeingo balkoiak
Uhagon kulturgunearen eskutik, emanaldi berezia eskainiko dute zapatuan balkoietatik, herriko musikari eta musikazaleek. Bakarrizketak eta sukaldaritza tailerrak osatuko dute asteburuko egitaraua.

Oraindik zuzeneko emanaldirik ezin denez egin, musika balkoietara eramatea erabaki du Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneak. Herriko musikari eta musikazaleen laguntza izango du horretarako. Horien bidez, era guztietako doinuekin gozatzeko aukera egongo da zapatuan [maiatzak 16], 19:00etan, udalerriko puntu gehienetan.
Guztira, 30 bat musikari eta musikazalek beteko dute musikaz herria. Talde ezberdinetako musikari eta bakarlariez gain Tarine musika eskolako eta Trikitixa eskolako irakasle eta ikasleak ere animatu dira parte hartzera. Estilo desberdinetako musika eskainiko dute, instrumentu ezberdinekin baliatuta: flauta, pandero, trikitixa, tronpeta, gitarra, txistu… Ezagun batzuen artean, Maddi Txurruka tronpeta jotzaileak, Rakel Pujana trikitilariak, Pablo Fdez. Arrieta gitarra jotzaile eta konpositoreak, Andoni Caballero K-Band eta Itzalak taldeetako musikariak, Igor Larrinaga Brankan taldeko musikariak eta Elene Ansola eta Imanol Aretxabaleta txistulariek parte hartuko dutela aurreratu dute.
Bakoitzak bere balkoi edo leihotik joko du, eta bizpahiru abesti eskainiko dituzte, txandaka. Emanaldia 20:00etan amaituko da.
Emanaldi berezia jaso eta bideo bat egiteko asmoa daukatela azaldu dute Uhagon Kulturgunekoek. “Zuzeneko guztiak batu eta bideo bat muntatu nahi dugu. Gero, sare sozialen bidez herritar guztiek gozatzeko aukera izan dezaten”.
Patxiren bakarrizketa. Umoreak ere edukiko du lekua asteburu honetan, Markina-Xemeinen. Barikuan [maiatzak 15] Herribixiko Eneko Arrate Sololuzek, Patxi pertsonaiaren izaera hartuta, bakarrizketa bat eskainiko du. Azaldu duenez, Patxi pertsonaia ez da geldirik egotekoa, eta herriko istorio xelebreak, Markina-Xemeingo herritarrei gertatutakoak edo herritarrek kontatutakoak, pilatzen joan da pixkanaka-pixkanaka. “Garai hauetan ere umore apur bat beharrezkoa dela ikusi du Patxik, eta berba egitea asko gustatzen zaionez, inguruetako istorio xelebreekin osatutako bakarrizketa eskainiko du”.
19:00etan hasiko da pertsonaia umorezko bakarrizketagaz, baina noiz amaituko duen ez dakite, “hainbat kontu xelebre ditu-eta kontatzeko”. Bere etxetik egingo du agerraldia, eta hiru lekutatik jarraitu ahalako da: Herribixiren edota Uhagon kulturguneko Facebook orrialdeen bidez eta Uhagon Kulturgunearen Youtube kanalaren bidez.
Sukaldetik. Bestalde, familiei begira, sukaldetik sormen tailerra prestatu dute Sormen Lantegikoek. Argazki kamera, Interneta eta helbide elektroniko bat behar dira parte hartzeko. Izan ere, parte hartu nahi duenak sormenlantegia@gmail.com helbidera idatzi behar du izena emateko maiatzaren 16a orduko, eta bide beretik maiatzaren 17an egingo den tailerraren berri jasoko du. 12:00etan bidaliko zaie proposamena helbide elektronikora.
Egitarau guzti hori osatzen parte hartu duten denei eskerrak eman nahi izan dizkiete Uhagon kulturgunekoek. “Egoera honek denoi eskatzen digu ahalegin berezi bat egitea, eta egitarau hau aurrera ateratzea posible egiten duten denei eskerrak eman nahi diegu; bai Eneko Arrateri, bai Sormen Lantegikoei, bai eta balkoietako emanaldietan parte hartuko duten talde eta herritar danei ere”.