Iñigo Martinez: "Jokalariok ez gara ezer zale barik"
Konfinamendura ohitzea kostatu bazaio ere, etxekoekin denbora gehiago egoteko aprobetxatu duela azpimarratu du. Zaleen berotasun eta bultzada gabeko lehiaketarik ez du irudikatzen.
Ia bi hilabeteko geldialdiaen ostean, domekan hasi zen entrenatzen Iñigo Martinez (Ondarroa, 1991) Athletic Clubeko erdilari ondarrutarra. Lehiara bueltatzeko gogotsu dago, baina buelta hori zaleen babesagaz eta osasun berme guztiekin egitea beharrezkoa dela dio.
Ligako 38 jardunalditik 11 jokatzeke daude. Liga noiz hasiko den zehaztu dizuete?
Oraindik ez dute ezer zehaztu, eta horren ardura dutenek ere ez dut uste ezer argirik dutenik. Egia esan, inork ez daki zer bilakaera edukiko duen honek egoerak. Horrenbeste denbora etxean sartuta egon ostean, lehiara bueltatzeko gogoa daukat, baina ez dut uste erabaki onena denik.
Zergatik?
Alde batetik, kutsatzeko kezka eta beldur handia dago; inork ezin digu bermatu ezer gertatuko ez zaigunik. Bestetik, min hartzeko aukerak ere gehitu egiten dira horrelakoetan. Konfinamenduan sasoiko egoten saiatu bagara ere, ez gara ohiko erritmoan ibili, eta horrek min hartzeko aukerak gehitzen ditu. Lehengo sasoi puntura ailegatzeko denboraldi-aurre antzerako bat egin beharko dugu, baina ez da erraza izango atzera ere lehengo erritmo bera berreskuratzea.
Ligak jarraitzen badu, publiko barik egingo duela esan dute.
Ni ez naiz horren aldekoa. Jokalariok jende barik eta zale barik ez gara inor. Denok dakigu orain ezin ditugula futbol zelaiak bete, arriskua handia da eta. Baina partiduak publiko barik jokatzea oso tristea eta artifiziala izango litzateke. Nik neuk, egia esan, ez dut irudikatu nahi ere egin. Tentsioa eta partiduan sartzeko modua erabat ezberdina izango litzateke. Futbolean, tamalez, diruak agintzen du. Ikusten denez, ahal dena egiten ari dira liga amaitu, eta ahalik eta diru gutxien galtzeko. Baina jokalariak horren aurka agertu gara. Besteon osasunean baino euren buruan gehiago ari direlako pentsatzen iruditzen zait.
Entrenatzera bueltatu behar baduzue, baina, beharrezkoa izango da osasun berme guztiekin bueltatzea.
Ez bakarrik futbolean. Azkenean langile guztiei egin beharko lizkiekete probak. Egoera ez da batere erraza inorentzat. Kutsatzeko arriskuagaz lanera joan beharra edukitzea eta horrela ibiltzea ez da inorentzat samurra. Gure aldetik, entrenatzera bueltatzekotan gure segurtasuna bermatuta egotea eskatu genuen. Lanera bueltatzea nahi bazuten, guk ere inongo arriskurik gabe bueltatu nahi genuen.
Test bat baino gehiago egingo dizkizuete, baina premia duen jendeari oraindik ez diote egin. Horrek eztabaida sortu du.
Egoera zelan dagoen ikusita, normala iruditzen zait horrelako gai batek eztabaida sortzea; ulergarria da jendea alde horretatik haserretzea. Osasun arloko langile askori, esaterako, ez diote oraindik probarik egin, eta guri aurretiaz egiteak ez zuen zentzurik. Ez ginen proba beste batzuen aurretik egitearen aldekoak, eta horregatik, testak egiteari uko egin genion hasiera batean. Azkenean, Osasun Ministeritzak baimena eman zuen, eta horregatik egin dizkigute probak. Osasun Ministeritzak ezezkoa eman izan balu, guk argi genuen proba ez genuela egingo.
Kutsatzeko arriskua zero ez bada, soldatari uko egin eta jokatuko ez duen jokalaririk ere bada, Cadiz taldeko Fali, esaterako. Batzuen ustez, hori ez da profesional ona izatea.
Zaleen aldetik liga bueltan egotea nahi izatea ulertzen du, baina, egia esan, denok dakigu futbolean zenbat diru mugitzen den, eta azkenean horri begiratzen zaio gehienbat, eta ez jokalarioi. Jokalariok hasieratik argi utzi genuen guk segurtasuna nahi genuela. Ez dugu nahi edozelan ibili eta edozein momentuan kutsatzea. Ahalegin guztiak egiten ari dira gauzak ahalik eta hobetoen joateko. Orain entrenatzen hasi gara, eta egunak igaro ahala ikusiko da egoera hobetzen badoa, eta aurrera jarraitu ahal izango bada edo ez.
Soldatei buruz ere asko berba egin da. Berdin kobratuko duzue konfinamenduan?
Egoera zelakoa izango zen jakitera eman zigutenean akordio batera ailegatzeko eta eskua luzatzeko prest agertu ginen. Athleticek, bestela, diru galera handiegia izango luke, eta hori samurtu nahian guk ere gutxiago kobratzea adostu dugu. Liga jokatzen ez bada, soldataren %17ari uko egingo diogu, eta ligari jarraipena zalerik barik ematen bazaio, berriz, %6 gutxiago kobratuko dugu.
Errege Kopako finala. Noiz eta zelan irudikatzen duzu?
Finala ez dut zale barik irudikatzen; ez zait buruan horrelakorik sartzen. Final bat ikusle barik jokatzeak ez dauka ez zentzurik, ez eta ere berez duen emoziorik. Athletic eta Reala moduko taldeak zalerik barik ez gara ezer. Finalera ailegatzeko lorpena ez da gurea bakarrik, denena da. Gaur egun dagoen maila ikusita, bi euskal talde finalean berriro batzea ez da erraza izango. Gu, behintzat, ez gara partidua ateak zarratuta jokatzearen aldekoak, ez dut uste zaleek hori merezi dutenik. Partidu hau jendeagaz eta gauzak hobetzen direnean ahal denean jokatu beharko da. Egoera ikusita zelan dagoen eta zelai batean 60.000 zale batu nahi baldin baditugu, orain egiteak ez du inongo zentzurik. Martxa honetan, datorren urtean jokatu beharko da partidua; bestelakoan ez dut uste aurten horretarako aukerarik egongo denik.
Errege Kopako finala UEFAk ezarritako data baino lehen jokatzen ez bada, Europa Leaguerako sarbidea finalistetako bati eman beharrean, Ligako zazpigarren sailkatuari emango liokela dio.
Polita izango litzateke Europako txapelketan sartu, eta Europako beste edozein zelaietan Athleticen kamiseta jantzita ibiltzea. Baina Errege Kopako finala jokatzeak are balio handiagoa dauka. Guk argi daukagu gure helburua zein den. Guretzat oso garrantzitsua da finala zaleen aurrean jokatzea, eta horri eutsiko diogu. Izugarrizko garrantzia dauka zaleak hor egoteak eta eurek ere momentuagaz gozatzeak. Ez da bakarrik Errege Koparen final soil bat, beste sentimendu bat dago hor atzean. Zale guztiek parte hartu nahi dute hor egunean; sarrerak eduki edo ez, makina bat jende joango litzateke Sevillara. UEFAk hartu duen erabakia ez zait batere justua iruditzen. Ez du inolako zentzurik, baina hala nahi baldin badute, horrela izango da. Ligari jarraipena ematen badiote ahalegin guztiak egingo ditugu gure merituz Europako txapelketan egoteko eta txartel hori lortzeko.
Euskal ligetan txapelketak bertan behera geratu ostean, Aurrera 3. mailako taldea da.
Nik bertatik irten dut, eta niretzako oso albiste pozgarria da. Familia guztia ere Aurrerako bazkideak gara, eta asko poztu gara. Lagunak ditut bertan jokatzen, eta ahal dudan guztietan bertara joaten naiz partiduak ikustera. Taldeak zer egiten duen ere beti egoten naiz adi. Liga amaitutzat eman dute, eta Aurrera lehen postuan egonda, 3. mailara igo da; egia esan, denboraldi oso ona egin dute. Taldea bosgarren aldiz igo da 3. mailara. Urte askotako lanaren eta herriko zaleen babesaren fruitua da hau guztia; zale barik ezingo zen hori guztia lortu. Aurrerak, gainera, 100 urte beteko ditu hurrengo denboraldian, eta saria demasa da. Herriko taldea 3. mailan egotea berba handiak dira. Orain garrantzitsuena maila mantentzea izango da.