Eusko Jaurlaritzak bigarren fasera pasatzeko eskatuko du datorren astean

Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu duen dekretuak ez dakar aldaketarik ordutegietan. Herritarrek bigarren etxebizitzetara joan ahal izango dute, etxea bizi diren lurralde historikoan badago. 5.000 biztanletik beherako herriek ordutegirik gabe jarraituko dute, turistekin kopuru hori gainditzen badute ere.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan epidemia izaten ari den eboluzioak, okerrik ezean, bi aste barru bigarren fasera igarotzea ahalbidetuko dio autonomia erkidegoari, eta hori eskatuko du Iñigo Urkullu buru duen gobernuak datorren astean.

Eusko Jaurlaritzak gaur [maiatzak 16] argitaratu du aldizkari ofizialean konfinamendutik ateratzeko lehen fasea eguneratuko duen dekretua. Astelehenean jarriko da indarrean, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bizilagunek baimena izango dute bizi diren herrialdearen mugen barruan mugitzeko, bai kirola egiteko edo aisialdirako, baita bigarren etxebizitzetara joateko ere. Horrez gain, probintziaren mugan bizi diren herritarrak mugakide duten herrietara ere joan ahal izango dira “ohiko joan-etorrietan”. Murgak gogorarazi du, ordea, pandemia ez dela amaitu, eta herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die, “orain arteko ahalegina” ez zapuzteko.

«Neurri hori ez da kontrolik gabe ateratzeko baimen bat», adierazi du Murgak eguerdiko bere ohiko agerraldian. Ordutegiei dagokionez, aldaketarik ez dakar Jaurlaritzaren gaurko dekretuak, eta Murgak esan du hori Espainiako Gobernuak zehazten duela. Turistak jasotzen dituzten 5.000 biztanletik beherako herriengatik galdetuta (ordutegirik ez da horietan), zehaztu du arauak ez direla aldatuko turistekin biztanle kopuru hori gainditzen bada ere, eta arduraz jokatzeko eskatu du, jende pilaketak eragozteko.

Murgaren iritziz, gaitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen eboluzioak bi aste barru bigarren fasera pasatzea ahalbidetuko dio autonomia erkidegoari. Bigarren fasera pasatzeak osasun larrialdia arintzea ekarriko luke, haren hitzetan. Azaldu duenez, gaitzaren eboluzioa hobea da, eta kasu positiboen joera bat islatzen du, baina azpimarratu du oraingo jarduera okerrak biharko eta datozen asteetan kasu positibo berriak izango direla.