6 urtetik gorakoek maskara erabili behar dute, derrigorrez
Espainiako Gobernuak argitaratu du aldizkari ofizialean maskaren erabilera arautzen duen agindua; alarma egoerak iraun bitartean egongo da indarrean. "Ahal izanez gero", maskara higieniko edo terapeutikoak izan beharko dute. Bi metroko segurtasun distantzia ziurtatu ezin denean erabili beharko dira.
Espainiako Gobernuak argitaratu du leku publikoetan maskaren erabilera arautuko duen agindua. Bihar [maiatzak 21] jarriko da indarrean, eta 6 urtetik gorako pertsonei eragingo die: erabilera publikoa duten espazio itxi guztietan eta aire zabalean izango da derrigorrezkoa maskara jartzea, bi metroko segurtasun tartea gorde ezin den tokietan. Arnasa hartzeko arazoak dituztenak salbuetsita daude, baita beren osasun egoeragatik edo mendekotasunen bat dutelako maskaren erabilerak kalte egin diezaiekeen pertsonak ere. 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, beharrezkoa ez, gomendagarria izango da, arau horren arabera.
Maskara higienikoak edo terapeutikoak izan beharko dute «ahal izanez gero», eta ahoa eta sudurra estali beharko dute. Hori bai, Espainiako Osasun Ministerioak argi utzi du ez duela onartuko maskaren ordez bufandak eta zapiak erabiltzea. Espainiako Gobernuaren aginduak dio maskara janztea ez dela derrigorrezkoa izango zenbait ekintza burutzeko, «euren izaeragatik»; esate baterako, jateko eta edateko kendu ahal izango da.
Gobernuak gaineratu du frogatuta dagoela maskarek gaitzaren hedapena saihesteko gaitasuna dutela. Arauak zehazten du, maskara jarrita edukitzeagatik, COVID-19aren hedatzea eragozten duten gainontzeko osasun neurriak baliatzen jarraitu behar dela: segurtasun distantzia mantentzea eta eskuak garbitzea, besteak beste.