Ikastolen aldeko jaiak udazkenean egingo dituztela jakitera eman dute
Bizkaiko ikastolaren aldeko jaia urriaren 18an ospatuko dute. Kilometroak jaiak, bestalde, aurretik ezarrita zuen data mantenduko du. Hori bai, orain arte ezagutzen diren moduko jaiak ez direla izango esan dute.
Ikastolen Elkarteak data berriak ezarri ditu ikastolen aldeko aurtengo jaietarako. COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez, udazkenera atzeratu dituzte. Egutegian ezarri duten lehen data Herri Urrats izango da; irailaren 20an ospatuko dute jaia, ohi modura, Senperen. Kilometroak jaiak, bestalde, aurretik ezarrita zuen data mantenduko du; urriaren 4an ospatuko dute Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia Amasa Villabonan eta Zizurkilen. Araba Euskaraz eta Ibilaldia, berriz, egun berean ospatuko dituzte, urriaren 18an, Amurrion eta Elorrion, hurrenez hurren. Egun berean Lizarran egitekoa ziren Nafarroa Oinez ere, baina bertan behera utzi behar izan dute aurtengo jaia.
Apirilaren 3an eman zuten antolatzaileek udaberrian egitekoak ziren jaiak atzeratzeko erabakiaren berri. “Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau; ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatzerako eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea”, azaldu zuen Tellituk, Araba Euskaraz, Ibilaldia eta Herri Urrats iragarritako egunetan egingo ez zirela azaltzean.
Ordutik jai guztietako antolatzaileak elkarlanean aritu direla adierazi du elkarteko lehendakariak, noiz egingo diren zehazteko asmoz. Halere, egunak gerturatu ahala, osasun egoerak baldintzatuko du aldaketaren bat egiteko beharrik baden: “Ikusiko dugu aurrera egin dezakegun edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko”.
Era berean, “arduraz eta erantzukizunez” jokatuko dutela azaldu dute, baldintza seguruetan egiteko beharrezko neurriak hartuta eta garbiketan sakonduta. “Ez dira orain arte ezagututakoak bezalakoak izango”, argitu dute, baina beharrezkotzat jo dute “ahalegin berezi bat” egitea, “gizarteari erantzun bat emateko”. Horregatik, “jaiak berrasmatzen” ari direla azaldu dute: “Sormena landuz, auzolanean eta tokian tokikoari garrantzia emanez”.