Ile apaintzaile eta fisioterapeuten egunerokoa, euren hitzetan
Euren egunerokoan luzaroan presente izango dituzten garbiketa lanak gehitu behar izan dituzte, baina lanerako gogoz bueltatu dira.
Tabernariak, zerbitzariak, mekanikoak, fisioterapeutak, ile apaintzaileak… asko dira euren jardunera bueltatu diren langileak. Bi hilabeteko etenaldi behartuaren ostean, euren lanpostuak berreskuratu dituzte asko eta askok. Ile apaintzaileak, esate baterako, hirugarren astea dute hau, fisioterapeutak, berriz, joan den astean hasi ziren lanean.
Beharrera bueltatu eta lan faltarik ez dute izan, agendak beteta dauzkate. Ile apaindegiak beteta daude, eta asko eta asko dira fisioterapeutengana joan diren herritarrak.
Ile apaindegietako errealitatea. Lanpostua utzi zutenean baino lan gehiago daukatela diote ile apaintzaileek, hala ere, lanera «gogotsu» bueltatu dira. «Bezeroak zain zeudela banekien, eta nire lana gustukoa dut», dio Bermeoko ile apaintzaile batek.
Langile bakoitzak pertsona bakarra hartu dezake, eta, gainera, ezin da ile apaindegian inor zain egon. «Ile apaindegi handia daukat nik, eta pertsona bat edo bi zain egon litezke, distantziak ondo mantenduta, gainera. Hala ere, ezin da», diote. Bi langile egonik, bakoitzak pertsona bat hartzen du, eta amaitu arte ezin daiteke beste pertsona bat sartu. Hortaz, agendako orduak ondo kalkulatuta dauzkate. «Pertsona bategaz amaitu arte ezin dezakegunez beste bat hartu, ordu gehiago egin behar ditugu lanean. Ea hemendik gutxira posible bada pertsona bat, gutxienez, zain egotea, denbora aurreratzeko eta ordu gutxiago egiteko». Lehenengo bi asteetan, ordu gehiago egiten ibili dira Mutrikuko ile apaindagietako batean ere, hirugarren aste honetan, hala ere, lasaiago dabiltza, «jendearen arabera», diote.
Mutrikuko ile apantzaile baten esanetan, «batzuk ez daude eroso, eta kosta egiten zaie, baina jarri egin behar dute». Dena desinfektatzen egon beharra «nekagarria» dela diote.
Pertsona bakoitzagaz amaituta, dena desinfektatu beharra daukate, «den-dena»: eserlekua, orraziak, pintzak, artaziak… Gainera, sarreran gel hidroalkoholikoak jarri dituzte sartzen den pertsona bakoitzak eskuak garbitu ditzan, eta zenbaitetan zapata azpiak desinfektatzeko guneak ere badaude, edota horietan poltsak jartzeko aukera ere ematen dute beste batzuetan. Bezeroek zein langileek, gainera, maskarak eroan behar dituzte.
Itxaron zerrenda luzea zeukaten, baina jendearen jarrera «orokorrean» ona izan dela diote. Maskarak jartzeko orduan izaten dute bezeroek arazorik handiena Mutrikuko ile apantzailearen esanetan, «batzuk ez daude eroso, eta kosta egiten zaie, baina jarri egin behar dute».
Txarrena momentu oro dena desinfektatzen egon beharra dela argi daukate, «nekagarria» dela nabarmenduta.
Jendeagaz harreman zuzena edukita ikara daukaten galdetuta, bermeotarrak dio ikararik ez daukala, segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen dituztelako. Mutrikuarrak uste du asko erlaxatu den jendea dagoela, baina oraindik badagoela ikara puntu hori duena ere.
Lanera bueltatzeko eta eskatutako neurri guztiak bete aldera, inbertsioa egin behar izan dute; produktuak, maskarak, botatzeko eskuoihalak eta kapak, maskarak… «baina hori da dagoena», diote. Mutrikuarren kasuan, gainera, konketen artean kristalezko pantaila bat ere jarri behar izan dute, biak ondoan baitaude, eta bi lagun ari dira lanean. Gastatu duten diru guztia ez bada ere, zati bat berreskuratzeko asmotan, diru laguntzak eskatu dituzte. «Eskaerak aurkeztu ditugu, ezetza segurua da», dio mutrikuarrak.
Jendearengan oraindik ikara apur bat nabari dute: “Oso ondo hasi ginen lanean, baina astean asteko jendea zegoen lehen, eta oraindik ez dute erritmo hori berreskuratu”
«Langabezia kobratzeko aukera izan banu, erretiratzeko prest nengoke», dio mutrikuarrak, barrezka. Hala ere, autonomoa da, eta halakorik ez daukate. «Gogorra da. Bi hilabete dirurik sartu barik eta bankuan berdin-berdin kobratzen dizute. Gainera, lanean hasteko inbertsioa egin behar, eta horretarako kreditu txiki bat eskatu behar. Orain kreditu bat? pentsatzen nuen. Hala ere, hemen gaude, ahal dugun arte». Etxean egon beharreko bi hilabeteak, hala eta guztiz ere, ez direla luzeak izan dio: «Lehenengo bi asteak oso ondo egon nintzen, hirugarrena izan zen apur bat beltza, kontuak egiten hasten nintzelako. Laugarrenean, hala ere, pentsatu nuen, ‘kontuak kontu, etxean egon beharra daukat berdin-berdin’; hortaz, lasai egon naiz».
Mutrikuko ile apaintzaileak jendearengan oraindik ikara apur bat nabari du: «Oso ondo hasi ginen lanean, baina astean asteko jendea zegoen lehen, eta oraindik ez dute erritmo hori berreskuratu, batzuek bai, baina ez denek. Etxean geratzeko deia egiten dutenez, errespetu puntu horrekin daude herritarrak».
Fisioterapeuten egoera. Ile apaintzaileek bezala, lan karga handia daukatela diote. Jende nahikoa gerturatu zaio Markina-Xemeingo zentro bateko fisioterapeutari: «Nahikoa jende etorri da, baina ez lehen geneuzkan beste paziente».
Joan den astelehenean zabaldu zituen bere zentroko ateak. «Domekan eman ziguten zentroa zabaltzeko aukera, baina ordura arte ez genekien zer egin genezakeen. Hala, astelehenean hitzorduak eskatuta zituztenei orduak zehazten hasi nintzen», dio markina-xemeindarrak.
Pantailekin edota plastikozko eskularruekin lan egin behar dute fisioterapeutek. Plastikozko eskularruak, baina, ez direla «beharrezkoak» zehaztu du: “Elkargotik jakinarazi ziguten hori”
Hitzordua zehazteko une horietan, gainera, COVID-19aren sintomak eduki dituzten edo ez galdetu behar izaten die pazienteei, bai eta ere euren hurbileko norbaitek koronabirusa izan duen edo ez. Baiezkoa esanez gero, denbora batean itxaroteko esan behar izaten die.
Hitzorduak zehaztuta daudenean, pazienteak hartu behar ditu, eta horretarako segurtasun neurriak jarri. «Ileapaindegietan erabaki bezala, pazienteak maskarekin etorri behar dira, eta eskuak garbitu behar dituzte sartu bezain laster», azaldu du. Inork ez daukala hori egiteko arazorik nabarmendu du.
Maskarekin, pantailekin edota plastikozko eskularruekin lan egin behar dute fisioterapeutek. Plastikozko eskularruak, baina, ez direla «beharrezkoak» zehaztu du: «Fisioterapeuten elkargotik jakinarazi ziguten hori. Nik eskularruak erabiltzen ditut, baina ezagutzen ditut eskularru barik ari diren fisioterapeutak ere. Izan ere, eskuak edota eskularruak garbitzea da kontua».
Hala eta guztiz ere, gaur egunera arte ere, paziente batetik bestera eskularruak beti aldatu dituztela dio. Orain, baina, aldaketa nabarmenena «gelditu barik» garbitu behar izatea da. Paziente batekin bukatzerakoan eta beste bat hartu baino lehen, dena garbitu behar du, pazienteek eta eurek ukitu duten guztia. «Gero, gainera, egunean bi aldiz zentro osoa goitik behera garbitu behar dugu», dio Markina-Xemeingo zentrokoak.
Lan karga «handia» dela dio, eta lan egun baten laurdena garbitzen igarotzen duela zehaztu du: «Gogorra da, jende gutxiago har dezakegulako. Izan ere, bi pazienteen artean garbitzeko denbora behar dugu. Tarte horretan, lehen, beste paziente bat etor zitekeen». Lehen ere bi pazienteen artean garbiketa lanak egin behar zituen, baina oinarrizkoak ziren garbiketak. Orain, dena garbitu behar du, eta estresatuta dago, «erlojuaren kontra».
Denbora igaro ahala, baina, dena erraztuko dela uste du markinarrak, eta praktikara ohituko direla dio: «Ohitzen joan beharko gara, ez dago besterik. Kasu honetan, gainera, ematen du hau dela bide bakarra».
Pazienteen artean denetarik eduki dutela dio fisioterapeutak, lasai doazenak eta ez joatea erabaki dutenak. «Datorrena nahikoa lasai dator, baina ez etortzea erabaki dutenak ere badaude; beldurragatik hitzordua atzeratzen dute. Datorrenak ez du beldur askorik, baina bai egoerarekiko errespetua».
Konfinamenduan ez ditu pazienteen dei asko jaso, zentroa itxita zegoela bazekitelako. Hala ere, beharrizana zeukatenek deitu egin diotela aitortu du. «Urgentziazko kasuetarako bakarrik zabaldu genezakeen; hau da, ebakuntza bat eta gero tratatu ezean txarrerantz egingo zuten pazienteak hartu ahal genituen», azaldu du. Halere, zalantzak zituzten urgentziazko kasuak zeintzuk ziren eta zeintzuk ez jakiteko: «Zeinek dio zein den urgentzia bat eta zein ez?».
Ezjakintasuna. Konfinamenduan fisioterapeutek bizi duten egoera ere desberdina izan da. «Hasieran gobernuak esan zigun zentroak zabalik eduki behar genituela, baina ez geneuzkan norberaren babeserako ekipamenduak, ez eta maskarak ere. Hori horrela, ixtea erabaki nuen nik. Baina laguntzak ere ezin nituen jaso. Azkenean, Jaurlaritzak ixteko baimena eman zigun fisioterapeutei, eta laguntzak jasotzeko aukera ere bai», dio markinarrak.
Lea-Artibain du zentroa, eta berak bakarrik lan egiten du bertan. Hala, ez du langilerik ERTEan jarri behar, baina sektoreko asko neurri hori hartu duela aitatu du. «Nik bakarrik lan egiten dut. Baina jendea euren kargura izan dituzten fisioak ERTEetan sartu dituzte langileak, eta orain dela pare bat astera arte badakit ez zutela ezer kobratu», azaldu du Markina-Xemeingoak.
“Immunitatea duten herritarrak %5 bakarrik direla esaten dute, eta %60ra iritsi behar gara. Kontua luzerako doa”
Eskaeren arabera, batzuk ERTEtik aterako direla dio, ordu batzuetarako, eta beste batzuk ERTEan jarraitu beharko dute. Gaur gaurkoz, «gehienetan» zentroen jabeak direla lanean ari direnak azaldu du, eta, badaudela zentroak ez irekitzea erabaki duten beste asko ere nabarmendu du.
Normaltasunera bueltatu nahi du, baina uste dute luzaroan ez dela hori gertatuko: «Datuek ez dute etorkizun argia uzten. Immunitatea duten herritarrak %5 bakarrik direla esaten dute, eta %60ra iritsi behar gara. Kontua luzerako doa, ez dut uste garbiketa lan hauek urrian bukatuko direnik». Hala, egoerak hobera egin bitartean, osasun agintariek emandako gomendioak jarraitu beharko dituzte.