Lekeitiok Euskaraldian izena eman du
Udalak uste du Lekeitiok, "herri euskalduna izanik", eredua izan behar duela.
Maiatzaren 14ko Osoko Bilkuran onartu zuen Lekeitioko Udalak Euskaraldian izena ematea. Pauso logikoa dela esan du Ainize Alzibar Euskara Batzordeburuak. “Lekeitio, herri euskalduna izanik, eredu izan behar du. Arnasgunea dugu. Horrela, ba, garrantzitsua iruditu zaigu Lekeitioko Udalak Euskaraldian parte hartzeko izena ematea”, adierazi du. Gogorarazi du zabalik dagoela Bigarren Euskaraldian entitateek izena emateko epea, eta gogorarazi du aurten Ariguneak sortuko direla. “Lekeitioko Udalean normaltasunez euskaraz lan egiten dugunez, euskaraz aritzeko guneak bermatuko dira, bai erakundean, bai herritarrekiko tratuan”, aurreratu du zinegotziak.
Udazkenetik, Lekeitioko Euskaraldiko Batzordea martxan dago berriro, eta taldea indartu eta jende gehiago erakartzeko asmoa dauka. Ekimena girotu nahirik, azaroan berbaldia antolatu zuen Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariagaz, eta ordutik, hilero batu da Euskaraldiaren antolakuntzan aurrera egiteko. COVID-19 a dela eta, martxoko batzarra bertan behera geratu zen, “baina posible bada, ekainean berriro batzeko asmoa dago, lanei ekiteko”.
Alzibarrek dio Lekeition oso positiboak izan zirela 2018ko Euskaraldiko emaitzak: 1.576 lagunek parte hartu zuten. Horietatik 1.358 Ahobizi izan ziren; eta 218, Belarriprest. “Aurten emaitzak hobetu nahi ditugu. Erronka hor dago”, nabarmendu du.