Ondarroako pentsiodunen protestak Alamedara bueltatuko dira
Bi hilabeteko geldialdia egin ostean, astelehenean 12:00etan Alamedan batzeko deia egin dute. Unean uneko segurtasun eta osasun araudiak errespetatuko beharko dira.
Bi hilabete geroago Alamedan astero egiten dituzten protestei berrekingo diete Ondarroako pentsiodunek. Azken asteotan dozenaka herritarrek atseden hartu barik burrunbadak egin dituzte balkoi eta leihoetatik, eta orain aldarrikapenak ohiko lekura eramateko aukera izango dute. “Indar gehiagorekin gatoz bueltan. Protestei eta ohiko aldarrikapenei berrekiteko garaia da; soldatak eta pentsioak murriztu egingo direla esan dute, eta egoera zelan dagoen ikusita, kalean protesta egiteko inoiz baino arrazoi gehiago ditugu”.
Astelehenean [maiatzak 25] Alamedan berriro batzeko deia egin dute, eta azpimarratu dutenez, konfinamendua partzialki leuntzen hasi dela kontuan hartuta, protestei asteroko jarraipena emateko asmoa dute. Hitzordua, ohi modura, 12:00etan ipini dute. Hori bai, protestan unean uneko segurtasun eta osasun araudiak errespetatuko dituztela iragarri dute. Gutxieneko distantzia zaindu eta maskarak soinean eramatea derrigorrezkoa izango dela gogorarazi dute. Distantzia mantentzeko leku gehiago beharko dutela jakitun, pankarta ohikoa baino aurrerago ipiniko dute. “Pankarta Alameda erdi-erdian zabaldu beharrean, aurrerago zabalduko dugu; eskaileren parean”.