Euskaraz egin den
animaziozko lehen stop motion telesaila egin du Ondarroako Aire Globun ekoiztetxeak.
Zr. Lehendakari deritzon lanaren gidoia eta zuzendaritza Aiert Goenaganarena da, argazki zuzendaritza eta edizioa, berriz, Asier Rivera Arantzamendirena eta soinu banda Keu Agirretxearena. Ahotsak, berriz, Alan Smithee Jr.-ek ipini ditu. Goenagak azpimarratu duenez, “dena Ondarroan egindakoa da”.
Proiektuaren helburu nagusia ikus-entzunezko beste eduki bat euskaraz sortzea izan dela azpimarratu du telesailaren gidoigileak. Are gehiago, aspaldian animaziozko euskarazko telesailik ez dela kaleratu, eta horretarako gogoa ere bazutela jakitera eman du. “Azken hamar bat urteotan ez da animaziozko telesailik egin. Animaziozko bestelako gauzak egin dira euskaraz, filmak, esaterako, baina atal motzekin osatutako proiekturik ez da egon aspaldian”.
Goenagak gaineratu duenez, datorren urterako proiektu baten prestaketa bidean jaio da Zr. Lehendakari. “2021eko neguan gauzatuko den beste ideia potoloago bat darabilgu buruan, baina bitartean, proiektu hau jaio da. Gerorako pentsatutako dugun animaziozko proiektuak ez du sareratu berri dugunagaz zerikusirik, baina bestea gauzatu bitartean honakoa egitera animatu gara; beste proiekturako entrenamendua dela esan genezake. Gidoia zein izan litekeen pentsatu, gaiari buelta batzuk eman, eta era erraz batean atalak egiteko modua ikusi genuen”.
Telesaila formatu laburreko
30 atalez osatuta dago. “Den-denak ez ditugu grabatuta, baina gauza asko dago aurreratuta. Jendea gustura dagoela ikusten badugu, gidoiari buelta pare bat eman, eta atalak gehitzeko aukera ere egongo zen”. Astero formatu txikiko atal berri bat estreinatuko dute; zehatz esanda, astelehenero hurrengo atalari 09:00etan emango diote zabalkundea
Etzi Portu Maritimoa atari digitalaren bitartez. Astelehenean [amaitzak 18] estreinatu zuten telesailaren lehen atala. Goenagak esan duenez, bi minutu eta erdiko iraupena duen
Aro berri bat atalak harrena ona eduki du. “Ikustaldi pila bat eduki ditu”.
Sortzaile ondarrutarrak iragarri duenez, planteamendu distopikoa duen satira politikoa da saioaren genero nagusia. Saioko protagonista nagusia lego panpina bat da; Eusko Jaurlaritzako gobernuburu ziborg-a, hain zuzen. “Garapen prozesuan den adimen artifizialeko programa batek 3p4 robot modeloa sortuko du 2048. urtean, eta 2020ra bidaliko du Euskadi Basque Countryko herritarrak modu eraginkorrean gobernatzeko. Protagonistak eskainiko dituen prentsaurrekoak bereziak izango dira; lehendakari modura hartzen dituen erabakiak astero herritarrei helaraztea da helburua”.