Hainbat udal tasa eta zergen ordainketa atzeratu du Mutrikuko Udalak
Neurriak zaborraren udal tasa, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen udal zerga eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zergen ordainagiriak helbideratu gabe dituztenei eragingo die.
Koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta, hainbat zerga eta udal tasa ordaintzeko borondatezko epea atzeratzea erabaki du Mutrikuko Udalak. Zehazki, hiru udal tasa eta zergari eragingo dio neurriak: zaborraren udal tasari, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen udal zergari eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zergari.
Udal iturriek azpimarratu dutenez, ordainagiriak helbideratu gabe dituztenei eragingo die neurriak. “Baina arrazoi bategatik edo bestearengatik ordainketa atzeratu nahi dutenek epea luzatua izango dute. Era mailakatuan, ordainagiriak hilabetez hilabete urtea bukatu artean ordaindu ahal izateko modua egin da”.
Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen udal zerga apirilaren amaierarako ordaindu ezin izan zutenek, berriz, ordainagiri berria etxean jasoko dutela esan dute. “Uztailaren 30era arte edukiko dute hori ordaintzeko aukera”.
Honakoak dira udal tasa eta zergak ordaintzeko ezarritako epea berriak:
- Zaborra
- Lehen hiruhilekoa. Martxoaren 15etik abuztuaren 15era.
- Bigarren hiruhilekoa. Ekainaren 1tetik irailaren 15era.
- Hirugarren hiruhilekoa. Irailaren 15etik abenduaren 15era.
- Laugarren hiruhilekoa. Abenduaren 15etik otsailaren 15era.
- Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen udal zerga. Martxoaren 1etik uztailaren 30era.
- Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga. Abuztuaren 1etik urriaren 30era.