Markina-Xemeingo Eup! irratiak uhinetara jauzia eman nahi du
Momentuko egoerak eraginda, crowdfunding kanpaina bat abiarazi dute gaur [maiatzak 21].
Podcast formatuan entzun daitekeen irratia izatetik FM uhinetan ere entzuteko moduan egongo den irrati bihurtu nahi dute Eup! irratia Markina-Xemeingo irrati zaleek. 24 orduko zuzeneko emisioa eskaini nahi dute gainera; ekoizpen propioagaz eta Arrosa sarearen ekarpenekin aste osorako parrilla bat osatzea dute helburu. Ilusio eta gogorik ez zaie falta, finantziazioa ez besterik. Hori lortzeko ere ekinean jarri dira, eta crowdfunding kanpaina bat jarri dute abian, Itsulapikoa plataformaren bidez.
Urteak itzalita egon eta gero, Eup! irratiak 2015 urtean ekin zion berriro bideari, autofinantziazioan oinarritutako proiektu komunikatibo alternatibo, gertuko eta librea izan asmoz. Autofinantziazioan oinarritutako ekonomia eredu horri jarraituz eutsi diete orain arteko gastuei, eta aurten ere, hala egitea zeukaten aurreikusita. Gainera, FM uhinetara jauzia emateko, beharrezkoa izan dute inbertsio batzuk egitea, irrati uhinak igortzeko antena, besteak beste.
Aparteko gastu handi hori zein urte osoan izaten dituzten beste batzuk (zerbitzaria, Internet, domeinuak, bestelako kuotak…) herriko jaietako txosnetako elkarlanagaz eta beste ekintza batzuekin finantzatu nahi zituzten. «Tamalez, bizi dugun egoera berezi hau dela eta, ezinezkoa izango da dirua bide horietatik lortzea», azaldu dute. Hori dela eta, irratizale eta herritar guztien laguntza eskatu dute: «zuen laguntza ezinbestekoa dugu proiektua aurrera eramateko».
Gaur [maiatzak 21] jarri dute martxan Eup! irratiari jauzi berria ematen lagunduko dion crowfunding kanpaina, eta 40 eguneko iraupena edukiko du. 1.500 euroko gutxienekoa jarri dute eta 2.500 euroko maila hoberena. Hurrengo urteko udara arteko gastuak ordaindu izango dituzte horren bidez, «urte osokoak». Itsulapikoan, ekainaren 30era orduko, ekarpena egiten duenak opariak lortuko ditu. «Opariak bereziki kanpaina honetarako sortu ditugu; bakarrik kanpainak irauten duen bitartean egongo da eskuratzeko aukera. Parte hartzen dutenentzako dira bakarrik». Itsulapikoan sartu eta 5 euroko ekarpena eginez gero giltzatakoa jaso ahalko da, 10 euroko ekarpenagaz poltsa, kamiseta 15 euro emanez gero eta sorta osoa lortuko du 25 euroko ekarpena egiten duenak.
Crowdfunding-a abiarazita, parrilla diseinatzen hasiko dira. Printzipioz, Karmen jaien bueltarako (uztailak 16) parrilla bat osatuta eduki eta probak egiten hastea dute asmoa, eta urrian emanaldiekin hasi. FM bidez 107.7 uhinean entzun ahalko da Eup! irratia.