Miren Agur Meaberen ipuin berri bi argitaratu dituzte
'Ametsetan' eta 'Mendian' ipuinak idatzi ditu idazle lekeitiarrak Katta urtxintxa eta bere lagunak protagonista dituen bildumarako.
Katta urtxintxa eta bere lagunak protagonista dituen bildumako lan berri bi kaleratu ditu Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak Elkar argitaletxeagaz. Helduek irakurtzeko, helduekin irakurtzeko, eta lehen irakurleek aurreneko urratsak emateko pentsatutako irakurgaiak direla azaldu du argitaletxeak: “esaldi labur eta paragrafo neurtuez josiak, horiek apailatzeko, gatza, errimatxoak, abesti zatiak eta koplaren bat ahaztu gabe”.
Ametsetan eta Mendian dira ipuin berriak. Ametsetan ipuinean, udaberriarekin batera, basoa kolore berriz jantzi da. Neguko lozorrotik irtenda, Katta, inguruak miatzeko gogoz, zuhaitzera igo eta ia iritsi da zeruraino. Amets batean bezala hegaldatuko da lainoetan eta, etxera itzultzean, udaberriak garai berri baten zantzuak ekarri dizkiola konturatuko da. Mendian, berriz, mendira ibilaldia egiteko asmoz, Katta eta bere lagunak, ondo pentsatuta bete dituzte euren motxilak. Gaua bertan igarotzeko beharrezkoa duten guztia hartu dute. Mendia, ordea, basoa ez bezalako parajea da, eta ustekabeko desatseginen bat izango dute.