Nekane Murga: "Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa prest daude 2. faserako"
Datuetan gorabeherak egon arren, bilakaera orokorra beheranzkoa dela adierazten dutela azaldu du Jaurlaritzako Osasun sailburuak.
“Jasotako datuek azken asteetako hobekuntza baieztatu dutelako”, baikor agertu da Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Datuak eskuan, uste du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa prest daudela normaltasunera itzultzeko 2. fasean sartzeko.
“Datuek baieztatzen digute gorabeherak badaudela, baina bilakaera orokorra beheranzkoa da, eta euste fase batean gaude. Datu egokiak ditugu, artatze sare bikain bat, eta kutsatze berriak azkar antzemateko modua ematen duen jarraipen sistema bat”.
Lea-Artibain eta Mutrikun, esaterako, azken hiru egunetan ez da positibo berririk antzeman. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan COVID-19a zeukaten hiru lagun hil ziren atzo [maiatzak 20]; PCR bidez bederatzi kasu baieztatu ziren —zazpi Bizkaian eta bi Araban—, eta test serologikoen bidez, beste 130. Koronabirusaren proban positibo emandakoen %88,6k jada gainditu dute gaixotasuna, eta atzo herenegun baino hiru pertsona gutxiago zeuden zainketa intentsiboetako unitateetan (38 pertsonak jarraitzen dute unitate horretan).
Murga gaur iluntzean bildu da Salvador Illa Espainiako Osasun ministroagaz, Jaurlaritzak Madrili bidali dion txostena aztertu eta erabaki bateratu bat hartzeko. Aurreko asteetako dinamikari jarraitzen bazaio, Espainiako Gobernuak zapatuan [maiatzak 23] zehaztuko du nolakoa izango den bigarren fasea, baina Murgak gogorarazi du Jaurlaritza “murriztaileagoa” izan ohi dela pertsonak elkartzeari dagokionez: “Nahiago ditugu jende gutxiko bilerak, baina egia da asteak igaro ahala guk ere konfiantza handiagoa daukagula; ikusten ari gara oraingo neurriekin ere birusak ez duela nabarmen zirkulatzen gizartean, eta posible dela joan-etorriak areagotzea”.
Testak gehitzen. Osasun langile, ertzain, suhiltzaile eta arrantzaleei ari dira egiten, besteak beste, testak, hainbat kolektibori. Jaurlaritza testak egiten hasi zen lehen kolektiboa soziosanitarioa izan zen, eta asteon probak amaitzea aurreikusi du Murgak. COVID-19 kasuren bat izan duten egoitza guztietako langile eta paziente guztiei egin dizkiete testak.