Udako jaietan zer egin aztertzen hasiko da Etxebarriko Udala
Ekimen batzuk bertan behera geratu dira, baina aurrera eraman ahalko direnak zeintzuk diren aztertuko dute.
Ekainean egin ohi duten Ganadu Azoka bertan behera geratu dela jakitera eman du Etxebarriko Udalak. Horrez gain, beste ekimen batzuk ere ez dira aurten aurrera eramango. Horrela azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Horien artean, udalak hondartzara joateko antolatzen duen autobusa aitatu du, eta udako ludoteka ere ezingo dela egin esan du alkateak.
Bestalde, udako jaien inguruan erabakitzen hasiko dira. Edukierak kontuan hartuta zer edo zer antolatu daitekeen aztertuko dute, dauden neurrietara egokituz. “Musika kontzerturik ezingo da antolatu, baina, agian bai beste ekintzaren bat edo entzunaldi txikiren bat. Publikoa jarrita badago, egin daitezke emanaldiak, metro biko distantzia utzita eta segurtasun neurri guztiekin. Gehienez 250 laguneko edukiera bermatu behar da, eta Etxebarri baterako 250 laguneko edukiera egokia da, eta egin daitezke gauzak”.
Aurten hondartzarako autobusa egotea ez dela zentzuzkoa esan du Iriondok. “Hondartzara joan eta agian bertara sartzeko aukerarik ere ez da egongo, edukieraren arabera. Gainera, autobusean bananduta joatea bermatu behar da. Beraz, ez dugu antolatzea aurreikusten”.
Momentuz liburutegia eta kultur aretoa itxita daudela azaldu du alkateak, baina, 2. Fasean liburutegia maileguak egiteko zabalduko dutela iragarri du. Bizkaibus lineako autobusa, berriz, geldituta egon da, baina 1. Faseagaz batera jarri dute martxan.
Jendeak, orokorrean, arauak errespetatu dituela azaldu du alkateak. “Ea horrela jarraitzen dugun. Hau ez da amaitu eta kontziente izan behar gara eta zuhur jokatu behar dugu”.