205 lagun batu dira Ondarroako Alamedan, pentsio duinen aldeko protestan
Antolatzaileen esanetan gaurko elkarretaratzea arrakastatsua izan da. Datorren astean ordu eta leku berean batzeko deia egin dute.
Bi hilabeteko etenaldiaren ostean, pentsiodunen asteroko elkarretaratzea Alamedara bueltatu da. Koronabirusaren osasun krisialdiak mobilizazioak bertan behera utzi ostean, gaur [maiatzak 25] berrekin diete asteroko protestei. Ondarroako Pentsionistak Martxan elkarteko kideen esanetan elkarretaratze arrakastatsua izan da gaurkoa; 205 lagun batu dira unean uneko segurtasun eta osasun araudiak errespetatuta. “Hasteko oso ondo dago”. Datorren astean ordu eta leku berean batzea adostu dute.
Gaurkoa baina ez da beste asteetan egin izan ohi duten moduko elkarretaratzea izan. Alamedan batu direnek gutxieneko 2 metroko distantzia zaindu eta maskarak soinean eraman behar izan dituzte. Hori bai, betiko moduan pentsio duinak eta bidezkoak eskatu dituzte. Elkarretaratze isilean batu direnek 12:00ak puntuan zabaldu dute pankarta Alamedako eskaileren aurrean, eta ohi modura, 20 minutuz elkartu dira. Bertaratuek, gainera, Kalitatezko zerbitzu sozial eta publikoak, Gutxieneko pentsioa 1.080 pertsonako edo Pentsio publiko eta propioaren alde leloak zeramatzaten hainbat kartel ere eutsi dituzte.
Besteren artean adinekoen eta pentsiodunei dagozkien arazoak salatu dituzte, eta pentsiodun askoren egoerak bere larritasunean jarraitzen duela gogorarazi dute. Are gehiago, krisiagaz horiek gordinduko direlakoan daude. “Momentu honetan berba egiten da soldatak murriztu egin behar direla, eta bateren batek pentsioak murriztu egin beharko liratekeela ere aipatu du. Hau ez da berria guretzat, beste krisi batzuk ere bizi izan ditugu aurretik: petrolioaren krisia, ekonomia krisia… eta orain koronabirusarena. Beti gauza bera gertatzen da; krisi baten ostean langileok ateratzen gara galtzen. Hori da nahi dutena, baina hori ezin dugu inondik inora onartu”.