Bizkaia Txapeldun ekimenagaz bat egin dute Leire Bilbao eta Nerea Arrien idazleek
Idazle ondarrutarrak 'Egunpasa ederra' ipuina idatzi du. Lekeitiarrak, berriz, 'Leihoetako bateriak'. Ekimenean Bizkaia osoko haurrek ere parte hartu dezakete.
Bizkaiko Foru Aldundiak konfinamendu egoeran dauden umeak entretenitzeko abian ipini duen Bizkaia Txapeldun ekimenean parte hartu dute Bizkaiko hainbat idazle eta ilustratzailek. “Proiektu honen bidez, geratzen diren konfinamendu egunak ahalik eta modurik atseginenean pasatzen lagundu nahi diegu umeei”. Apirilean abiarazitako ekimenaren lehen deialdian sei idazle eta sei ilustratzaile batu dira, sei ipuin osatzeko. Horien artean izan dira Leire Bilbao idazle ondarrutarra eta Nerea Arrien idazle lekeitiarra.
Bilbaok, esaterako, Egunpasa ederra ipuina idatzi du; ipuina Irati Egurenen ilustrazioekin batera lagunduta ezagutzera eman dute. Arrienek, berriz, Ane Pikazak marraztutako ilustrazioekin lagundutako Leihoetako bateriak ipuina idatzi du.
Aldundiko iturriek gaineratu dutenez, Bizkaia Txapeldun ekimenean parte hartzen dutenek aiton-amonei beren maitasuna helarazteko mezuak, gutunak, olerkiak, marrazkiak eta margolanak egin ditzakete. Ekimenak ehun lanetik gora pilatu ditu dagoeneko, eta erakundeak gogorarazi duenez, nahi duten umeek parte hartzeko aukera zabalik dute. Jasotzen diren haurren eta profesionalen lanekin liburu bat argitaratzeko asmoa dutela iragarri dute.
Marrazkiak eta margolanak bidali nahi dituztenek horiei argazki bat atera eta bizkaiatxapeldun@bizkaia.eus helbide elektronikora edo 688 84 74 76 telefono zenbakira whatsapp bat bidali beharko dute. Idazlanak bidaltzeko, berriz, lanak posta elektroniko berera bidali beharko dira pdf formatuan. “Lanak whatsappez bidaltzen dituztenek edozein formatutan bidali ditzazkete lanak”. Mezuan egileraren izena eta adina jarri beharko direla gogorarazi dute. “Bidaltzen diren lanak egunero argitaratuko dira ekimenari buruzko informazioa duen web orrian”.