Egunero zabalduko dituzte Ondarroako igogailu publikoak
08:00etatik 21:00etara emango dute zerbitzua KamiƱaldeko, Iparkaleko, Pixapeko eta Kantoipeko igogailuek. Egunero hiru bidar desinfektatuko dituzte.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, herriko igogailu publiko guztiak bihartik [maiatzak 27] aurrera zabalik egongo dira. Alarma egoera kudeatzeko udalaren koordinazio mahaiak asteleheneko [maiatzak 25] batzarrean hartu zuen erabakia, eta horrenbestez, KamiƱaldeko, Iparkaleko, Pixapeko eta Kantoipeko igogailuak zabalik egongo dira astelehenetik domekara bitartean. 08:00etatik 21:00etara emango dute zerbitzua, eta tarte horretan hiru bidar (goizean, eguerdian eta arratsaldean) garbitu eta desinfektatuko dituztela azpimarratu dute. Igogailu barruan, gainera, herritarrentzako hidrogela ere eskuragarri egongo dela ere esan dute. “Gela datorren astean ipiniko da”.
Udal iturriek agertu dutenez, igogailuak zabaltzeko prozesua apurka-apurka egin dute, igogailuak, izan ere, “infektatzeko foku handi bat” izan zitezkeelako. “Irekiera partzialak egiten aritu garen prozesu honetan herritarrek zentzuz eta modu onean erabili dituzte igogailuak, eta horrek egunero zabaldu ahal izateko bermea eman digu”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. “Guk ere badakigu zein garrantzitsuak diren igogailuak herritar askorentzat, batez ere nagusientzat, baina segurtasunaren izenean eta herritarren osasuna bermatzeko apurka-apurka joan gara igogailuak zabaltzen”.
Zerbitzua egunero eskuragarri egongo den arren, herritarrek lehen ezarrita zeuden arauak betetzen jarraitu beharko dutela gogorarazi dute, “segurtasuna ahalik eta handiena izateko”:
- Igogailua banaka erabili beharko da, salbuespenak salbu.
- Igogailuaren zain daudenek bi metroko distantzia zaindu beharko dute.
- Maskara erabiltzea gomendatzen da.
- Benetan beharrizana daukatenek lehentasuna izango dute.