Entseguekin hasi dira Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan
Uni frontoia zabaltzeko aukera ekarri du konfinamendua arintzeko 2. Faseak. Segurtasun neurri batzuk jarraitu behar dituzte erabiltzaileek.
2. Fasearen hasieragaz batera zabaldu dute Markina-Xemeingo Uni frontoia, eta Markina-Xemeingo Esku Pilota eta Zesta Punta eskoletako pilotari eta puntistak entseguekin hasi dira. Jakinarazi dutenez, segurtasun neurri zehatz batzuk beteko dituzte.
Puntistak binaka ariko dira, Santi Olabe frontoiaren arduradunak eta Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako irakasleak azaldu duenez. “Frontoi nagusian jokatzen dutenak hasiko dira martxan, eskola kirolekoak ez”, argitu du. Momentuz harmailak utzik egongo direla ere zehaztu du Olabek, “ikuslerik eta gurasorik barik”. Horrela, entseguetarako zabalduko dute frontoia bakarrik, eta erabiltzaileek aldagelarik eta komunik ere ez ezingo dute erabili.
Bestalde, Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak entsegu bakoitzean lau pilotari ariko direla zehaztu du, “bakoitza bere aldetik, distantziak mantenduta”, eta horrenbeste denboran geldi egon ondoren, eskuak egiten hastea izango dute hasierako helburu. 14 urte ingurutik gorako pilotarien entseguekin hastea zuten hasierako asmoa, baina, azkenean, txikiagoak ere martxan jarri ditu Urionabarrenetxeak.
Uni frontoiagaz gain, Plazabarripeko frontoi txikian ere entsegatuko dutela azaldu du esku pilota taldeko entrenatzaileak, “hor ere segurtasuneko distantziak mantenduta”. Frontoiko ate eta bestelakoen desinfekzioa ere kontuan hartu dute, eta “gainean” egongo direla azpimarratu du. Takoak ere, etxetik eginda eraman beharko dituzte pilotariek eta etxean kendu.
Entrenatzaile biek esan dutenez, txapelketarik egin ahalko denik ez dakite oraindik. “Momentuz lehiaketarik ez dago”.