Eskularru eta maskarak "edonon uzteak" ibai eta itsasertzak mehatxatzen dituela ohartarazi dute
Eguzki talde ekologistaren iritziz ingurumen arazo larri horri konponbidea ematea ez da batere erraza; ahal den heinean babes ekipoak egoki erabiltzeko eskatu dute.
COVID-19ak osasun krisiak ozeanoetako plastikoaren arazo larriari era neurrigabean eragiten diola azpimarratu du Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak. Are gehiago, eskularruak eta maskarak “edonon uztea edo botatzea” beste hainbat ekosistementzat kutsatze fokua bihur daitekeela ere ohartarazi dute, eta horrek ibai eta itsasertzak mehatxatzen dituela zuzenean. “Hondartzak orain dela hilabete gutxi batzuetatik hona, hemen eta mundu osoan zehar, zabor ugariren inbasioa jasaten hasi dira. Pandemia hau ezin daiteke izan gure planeta zabor izurritik defendatzen jarraitzeko betebeharra bertan behera uzteko aitzakia”.
Talde ekologistaren iritziz ingurumen arazo larri horren konponbidea ez da erraza. “Osasun publikoa eta segurtasun pertsonala dela eta, material horiek derrigor erabili behar ditugu, ezin diegu uko egin, baina egin dezagun hondakin hauen kudeaketa arduratsua, hondakin horiei errefusaren trataera emanaz eta errefusaren edukiontzira botata”.
Eguzki talde ekologistatik kontsumitzaile eta erabiltzaileei babes materialen erabilera egokia egiteko eskatu diete. Alde batetik, segurua den bitartean eta ahal den heinean, babes materialen bizitza luzatzea gomendatzen dute. “Ahal izanez gero, maskarak material edo lehengai biodegradagarriekin egindakoak lehenetsi edo horien ordez, iragazki aldagarridunak erabili”. Bestetik, berrerabilgarriak diren maskarak erabiltzea lehenestea ere eskatu dute, “berrerabiltzeko ematen diren eskakizunak jarraituz”. Azkenik, eskularruak noizbehinka baino ez erabiltzea eskatu dute. “Eskularruak etengabe jantzita edukitzeak ez du segurtasun handiagoa ematen”.
Udalei ere mota horietako hondakinekin kontu berezia edukitzeko eta beharrezkoak neurriak hartzeko eskatu diete, “hondakin horiek eta beste batzuk gure kaleetatik ibaietara eta hemendik gure itsasertzetara iritsi ez daitezen”.