Patxi Ruizen aldeko mobilizazioek aurrera jarraitzen dute Lea-Artibain eta Mutrikun
Lekeition eta Ondarroan astean hiru egunetan egingo dituzte elkarretaratzeak. Mutrikun, oraingoz, egunero batzeko deia egin dute.
Patxi Ruiz euskal preso politikoak gose greban jarraitzen du. Preso nafarrak hamasei egun daramatza protestan eta hari babesa adierazteko mobilizazio ugari egiten jarraitzen dute Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat herritan ere. Mutrikun, esaterako, egunero elkarretaratzea egiten jarraitzen dute biribilgunearen parean. 20:00etan batzen dira, eta momentuz egunero batzeko asmoa dutela agertu dute. “Eguneroko elkarretaratzean denen artean adosten dute hurrengo mobilizazioa noiz egin”.
Lekeition eta Ondarroan, berriz, protestak egunero egin ordez, astean hirutan egingo dituztela jakitera eman dute. Lekeitiarrek martitzen, eguen eta zapatuetan 20:00etan Abadeen Moilan batzeko deia egin dute. Ondarrutarrak, ostera, Alamedan batuko dira. Astelehenetan eta eguaztenetan 20:00etan ipini dute hitzordua. Zapatuetan, aldiz, 13:00etan batzeko deia egin dute.
Ondarroan, gainera, bestelako ekintzak ere egin dituzte; tartean, Ruizi elkartasuna adierazteko gose greba eta txandakako baraualdia egin dituzte. “Hemezortzi lagunek parte hartu dute gose greban zein txandakako baraualdian”. Barikuan [maiatzak 22] eten zuten protesta. “Patxiren egoera aldatu arte baraualdian egotea adostuta geneukan, eta ospitaleratu egin zutenez, horrek eragina izan zuen gure erabakian. Hasiera bateko helburuak beteta zeudela ikusi genuen, eta baraualdia uztea erabaki genuen”.
Herrian egin diren mobilizazioek ere erantzun ona izan dutela gaineratu dute. “Herriko presoa izan ez arren, Ondarroan herri mailan eduki duen oihartzuna oso ona izan da. Horregaz oso pozik gaude. Barikuan, esaterako, giza kate ibiltaria egin genuen Zaldupetik Itsasaurrera. Jende asko batu ginen, bai kalean eta baita errekan ibili ziren piraguetan ere”.