Roberto Moreno: "Berriro palan jokatu ahal izatea sekulako ametsa litzateke"
Ondarrutarrak 80.000 euro behar ditu kirola egitea ahalbidetuko liokeen ametsetako protesi berria erosteko. GoFundMe plataforman hasitako kanpainan 17.000 eurotik gora batu dituzte.
Roberto Moreno Santamaria ondarrutarrak (Ondarroa, 1991) eskumako hanka galdu zuen orain dela bi urte. Izterrezurreko osteosarkoma distala diagnostikatu zioten medikuek, eta hanka moztu ondoren, protesi bati esker oinez egin dezake. Protesi berria erosteko diru bilketa kanpaina hasi du lagun batzuek animatuta.
Minbiziak goitik behera aldatu zizun bizitza.
Hainbat proba egin ondoren, eskumako hankan izterrezurreko osteosarkoma distala diagnostikatu zidaten. Neukan tumorea oso handia zen, eta esan zidatenez, oso leku txarrean zegoen; dirudienez, hezur guztia janda zegoen. Tumorea handia izateaz gain, oso leku eskasean zegoen, eta ebakuntza konplikatua izango zenez, berau egin aurretik tratamendua jaso behar izan nuen.
Ebakuntza egin aurretik, beraz, tumorea txikitzea beharrezkoa zen.
Tratamendua oso luzea izan zen, baina hainbat kimioterapia saiori esker tumorearen tamaina nabarmen txikitu zuten. Oso etapa gogorra izan zen. Tamaina txikitzea lortu zutenean, Madrilgo Gregorio MaraƱon ospitalera bidali ninduten ebakuntza egitera. Ebakuntza, egia esan, oso arriskutsua zen; goitik behera egin behar zen, eta Madrilen antzerako gauzak egitera ohituago zeuden. Ordu asko egin nituen ebakuntza gelan, eta arotzaren ebakuntza deritzona egin zidaten. Tumorea kendu, eta barrutik protesi bat ipini zidaten. Bi bat aste behar izan nituen ospitalean sendatzen, eta ostean Donostian jarraitu nuen osatze prozesua.
Sendatzeko prozesua azkarra izan zen?
Minzorragaz hasi nintzen, eta gau batean sekulako ondoeza egin zitzaidan. Ospitalean sekulako infekzioa nuela esan zidaten. Barrutik ipinitako protesiari infekzioa kendu behar zitzaiola eta beste ebakuntza bat egitea beharrezkoa zela esan zidaten. Hori entzun nuenean, asko beldurtu nintzen. Medikuek infekzio oso larria nuela esan zidaten; infekzioa odol zirkulaziora ere sartuta zegoela. ZIUn egon nintzen hiru antibiotiko mota hartzen, eta horietako bat efektua egiten hasi bazen ere, ez zen batere eraginkorra izan. Hori jakitean, bi aukera eman zizkidaten medikuek.
Ze aukera?
Aukeretako bat protesia atera eta gorputz barrutik antibiotikoa zabaltzen joango zen hodi bat ezartzea zen. Beste aukera, berriz, hanka moztea zen. Bi bider pentsatu barik, onena zuzenean hanka moztea zela erabaki nuen. Hodia sartuta ere, infekzioa osatzeko bermerik ez zidaten ematen, eta hanka moztuta, ostera, burukomin askogaz amaitu nezakeen. Tumoreagaz behin betiko ahazteko aukera nuen; izan ere, hanka moztuta dagoen modura, tumore bat berriro sortzea oso gaitza da.
“Diruz laguntzen ari direnen aldetik ere babes eta animo mezu asko jaso ditut”
Eta zelakoa izan da zure bizitza harrez geroztik?
Oinez egin ahal izateko oinarrizko protesi bat ipini zidaten. Oinez egin dezaket, baina hori ere zailtasun handiekin; nahitaez, makuluak behar ditut. Tamalez, ezin dut bestelako kirolik egin.
Zelan moldatzen zara orain duzun protesiagaz?
Arazoak ematen hasi da. Ortopedak aldatu eta beste bat ipintzea komeni dela esan dit.
Eta behin protesia aldatzekotan, bizitza asko erraztuko lizukeen bat ipintzea hobe, ezta?
Hori da nire nahia, baina horretarako ez dut nahikoa baliabide ekonomiko. Lagunek animatuta, GoFundMe plataforman diru bilketa kanpaina hasi nuen apirilaren amaieran.
Denbora oso gutxian diru asko batu duzue.
Denbora tarte honetan 17.000 euro baino gehiago lortu ditugu; oso ondo doa kanpaina. Diru ekarpenak egiten parte hartu duten guztien babesa jasotzea sekulakoa izan da, ez sinisteko modukoa. Sare sozialetatik zabaldu dugu deialdia, eta egia esan, oso erantzun ona eduki du. Hainbeste jendek kanpainan parte hartu duela ikusteak asko poztu nau. Kanpainan diruz laguntzen ari direnen aldetik ere babes eta animo mezu asko jaso ditut, eta horrek ere aurrera egiteko sekulako indarra ematen dit; niretzat, pertsonalki, oso garrantzitsua da.
“Eman dizkidaten aurrekontuetan errehabilitazioa ere sartu egiten da”
80.000 euro balio ditu amesten dituzun protesiak. Zelan aldatuko luke zure bizitza?
Genium X3 deritzon protesia lortzea da nire ametsa. Protesi horrek denerako balio du: korrikan egiteko, oinez egiteko, beragaz ere dutxatu zaitezke… Genium X3az gain, beste bi protesiren aurrekontua ere badaukat badaezpada. Erdi mailako protesiak, esaterako, 39.000 euro inguru balio ditu. Egunerokoan ezingo nuke Genium X3az egin ahalko nukeena egin, baina, era berean, oso protesi ona da.
Erdi mailako protesiagaz zer egin ahalko zenuke?
Makulu barik oinez egin ahalko nuke. Eman dizkidaten aurrekontuetan errehabilitazioa ere sartu egiten da, eta makulu barik oinez egiten erakutsiko lidakete. Zelan oinez egiten dudan ikusteko hainbat bideo bidali dizkiogu, eta oraindik asko dudala ikasteko esan didate. Protesi bat edo bestea hartu, errehabilitazio saio gehiago edo gutxiago egin ahalko ditut. Oinez hobeto egin ahal izateko, nik uste, garestienak diren bi aukerak direla niretzako egokienak; makulu barik oinez egitea ziurtatuta izango nuke.
Batzuren ustez, hainbeste diruko protesi bat luxu bat da.
Askok pentsatu dezaketenaren aurka, oinez ondo egiteko protesi bat edukitzea premiazkoa da. Orain dudanagaz hala edo hala egiten dut oinez, makuluen laguntzagaz eta erdi saltoka.
Amesten duzun protesi berriari esker, zer kirol egin ahalko zenituzke?
Besteren artean, frontoira bueltatzeko aukera edukiko nuke. Minbizia eduki aurretik palan jokatzen nuen, eta berriro jokatu ahal izatea sekulako ametsa litzateke niretzat. Lehen nuen moduko mugikortasuna ez nuke edukiko, baina partidatxo bat jokatu eta lagunekin ondo pasatzeko aukera edukiko nuke.
80.000 eurora ailegatzeko tarte handia falta da, baina bazoazte aurrera.
Gero eta gutxiago falta da. 17.000 euroren muga gainditu dugu. 80.000 eurora ailegatzen ez bagara ere, 32.000 eurora helduta ere asko poztuko nintzateke. Modu horretara erdibideko protesia lortzeko aukera edukiko nuke. Kanpainan jende asko eta asko ari da parte hartzen, eta horien guztien laguntza eskertu nahiko nuke.